Joan den abenduaren 4an Gabonetako argiak pizteko ekitaldia erdara hutsez antolatu izanak milaka irundarrengan sortu zuen «deseinganu sentimenduaren aurrean» egin zuten aurreneko salaketa. Eta udalak ohar baten bidez barkamenak eskatu bazituen ere, hitzetatik ekintzetara pasatzeko momentua izanik, argitu dute udalak ez duela oraindik Aski Da! Irunen ere euskaraz bizi nahi dugu kolektiboaren eskaria erantzun.
Abenduaren 11n bilera bat antolatzen saiatu zen udala. Aldiz, manifestuaren sinatzaileak ez ezik, beste hainbat eskola, auzo elkarte eta eragile kultural ere deitu zituen bilera hartara. Eta Aski Da kolektiboak argitu du, ez zela haien «salaketari erantzuteko edo euskarak duen tratamendua zuzentzeko helburuarekin antolatutako bilera, haien salaketak piztutako txinparta baretzeko baizik».
Irungo Udalak azken hamarkadatan eraman dituen hizkuntza politikak «beste modu batean egin eta eguneratzeko» premia dagoela dio kolektiboak. Eta «Irunen euskararen geroa egun batetik bestera ez dela konponduko» aitortuta, plan estrategiko baten lanketa sakona eta parte hartzailea behar duela pentsatzen dute. «Denon parte hartzea ezinbestekoa izango da aurrera begira. Bide luzea dugu egiteko, eta urtetan luzatutako egoera zuzentzeko premia ikusten dugun arren, ez dugu presaz egin nahi. Ongi baizik eta patxadaz», argitu dute.
Zentzu honetan, «bigarren mailako herritar gisa tratatuak izatera ohituak» daudela salatu zuten abenduan, baina «pazientzia agortu» egin zaiela, eta orain udalari euskarak eta euskal kulturak merezi duen begirunea agertu dezala exijitzen diote. Argitu dute ez dutela deus leporatzeko asmorik, bide berri bat irekitzeko baizik. Eta horretarako, haien proposamenak udal agintariekin partekatu eta elkarlanerako prestutasuna adierazi nahi izan dute, aniztasunetik.
Euskararen aldeko aldarria saretzen
Izan ere, hasieran 35 eragile biltzen zituen kolektiboak indarra galdu beharrean, bere helburuetan berretsi egin da azken asteetan. Dagoeneko 40 eragile batzen ditu, haien artean Txingudiko Pentsionisten Plataforma, Irungo Mendizaleak edota Santiago-La Bañera auzo elkartea izan dira ekimenera batzen azkenak.
Aipagarria da, honen haritik, Irungo 18 auzo elkarteetatik 10 direla haien atxikimendua adierazi dutenak. Kolektiboaren aniztasuna eta elkarlanerako prestutasuna ikusita, Cristina Laborda alkatearekin eta Euskara arloko ordezkariekin bilera egiteko (urtarrilaren 27tik 31rako astean ahal bada) eskari bateratua aurkeztu dute HAZ-SAC bulegoan, eta «euskararen eta euskal kulturaren geroa Irunen jokoan dagoen honetan, lehenbailehen lanean jartzera» gonbidatu dituzte udal agintariak. Aski Da! kolektiboak adierazi duenez, Irungo Udalak «Irungo Udalak ezin du isilarena eman, eta euskarak Irunen bizi duen egoera larriari ez ikusiarena egiten jarraitu. Serio hartu beharko duela sinetsita gaude».
Udalari bilera eskari bateratua egiteko atxikitutako eragileak: "Aski Da! Irunen ere euskaraz bizi nahi dugu"
- Txingudi Ikastolako guraso elkartea
- Toki Alai (Alaikiro guraso elkartea)
- Elatzeta ikastetxeko gurasoak
- Dunboa eskolako gurasoak
- Hirubideko gurasoak
- Zabaldu (Leka Enea) guraso elkartea
- Bidasoko AEK
- Betti gotti euskara taldea
- Irungo Euskal Jira
- Aitzondo euskara elkartea
- Auntxa trikitixa eskola
- Kemen dantza taldea
- Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea
- Bidasoako EKT
- Burrunba Elektrotxaranga
- Txorimaloak soinu taldea
- Parean berdintasun elkartea
- Bor-bor hausnarketa kolektiboa
- Gaurko Andreak berdintasunaren aldeko elkartea
- BDSKoop eraldaketa fabrika
- Antxeta Irratia elkartea
- Hazia/Loratzen Kultur elkartea
- Bidasoko HITZA hedabidea
- Aduana elkartea
- Txingudiko pentsionisten plataforma
- Larreaundi-Olaberria auzo elkartea
- Alde Zaharra-San Juan auzo elkartea
- Erdiguneko-Centro auzo elkartea
- Landetxa-Katea auzo elkartea
- Santiago-La Bañera auzo elkartea
- Dunboako auzo elkartea
- Arbesko Errota auzo elkartea
- Arbesko auzo elkartea
- San Migeleko auzo elkartea
- Uztarriona (Urdanibia Berri) auzo elkartea
- Lur Alai squash kluba
- Txingudi Rugby Club
- Erlaitz mendi elkartea
- Atxiki pilota eskola
- Irungo Mendizaleak mendi elkartea