Cristina Laborda alkateak abenduaren 19an udal aurrekontuen onarpena, 40 bat segunduko udalbatza hartan, bertan behera utzi ondoren, EH Bilduk akordio batera iristeko negoziazioekin jarraitzeko prestutasuna adierazi zuen. Baita udal gobernuari «determinazio handiagoaz jokatzeko» eskatu ere. Baina bost aste pasa dira, eta 2025 urteko udal aurrekontuak onartzeko udalbatza noiz egingo ote den zain dira oposizioko udal talde politikoak.
Udal gobernu sozialistak egoera hau bideratzeko ardura duela oroitarazi dio alkateari Oihana Brionesek, EH Bilduko bozeramaleak. Haatik, momentuz, 2024. urteko aurrekontuaren luzapenarekin hasi du urtea Irungo hiriak, eta proiektu berriak ez ezik, hiriak dituen erronkei erantzuteko politika publiko eraldatzaileak martxan jartzeko premia duela azpimarratu du Brionesek. Bereziki etxebizitza eta kirol azpiegituren gabeziei aurre egiteko. Zentzu honetan, EH Bilduren ustetan «paralisi egoera honi irtenbide bat eman behar zaio lehenbailehen».
Udalak Irunen bukatu gabe dituen inbertsio eta obren zerrenda luzea dela oroitarazi du EH Bilduk ere. CBA, Txenperenea, IAM pabiloia, Plaiaundi, San Migel Anaka, Korrokoitz eremua, Iparralde-Gal, Emigrazio eraikina, San Migeleko ibai ertzeko eraikina, San Juan plazako udal bulegoaren eraikin berria besteak beste.
Bestalde, Gipuzkoako bigarren hiriak pisu handiagoa izan beharko luke Eusko Jaurlaritza eta Foru Aldundiaren aurreikuspenetan. Eta horretan ere, harremanak eta negoziaketak indartu beharra dituela oroitarazi diote udal gobernuari irundar guztien hobebeharrez.