Oihana Briones: «Gobernu berriak zein hiri eredu adostu duen argitu behar du, gai estrategikoetan ikuspegi kontrajarria zuten»

Antxeta Irratia 2025ko urt. 30a, 12:22

Irungo EH Bilduk alderdien interesen aurretik irundarren interesak lehenesteko duen gobernantza exijitu dio PSE-EAJ udal gobernu koalizio berriari. Irundarrentzat ezinbestekoak diren proiektu estrategikoetan «paralisi egoera mantentzen bada, akordioak herritarrenak ez beste interes batzuei erantzuten diola» frogatuko delakoan dago Oihana Briones. 

PSEk eta EAJk ezagutzera eman duten gobernu koalizioaren arteko negoziazioan «desadostasunak nabarmenak» izan direla gogoratu du EH Bildu udal taldeak. Izan ere, joan den urriaren 11n EAJk batzokian egindako agerraldian aditzera eman zuen «negoziazio denbora agortu» egin zela «sozialisten borondate faltak oposiziora bultzatu» zituela. Era berean, Oihana Briones EH Bilduko bozeramaileak oroitarazi du bi alderdien arteko «harremana kaskarra izateaz gain, Irunerako estrategikoak diren gaietan posizio kontrajarriak defendatu dituzte azken urteetan». 

Alabaina, PSEk eta EAJk akordioak hiriarentzat estrategikoak diren proiektuak aurrera eramatea ahalbidetuko duela aditzera eman zuten atzo. Besteak beste, Ficobako IAM pabiloi erabilanitza, Hegoaldeko saihesbidearen bigarren fasea (Ronda Sur), Via Irun, Plaiaundiko kirol instalazioak Txenpereneara lekuz aldatzea edota Eusko Jaurlaritzaren laguntza ekonomikoa beharko duten 1.000 etxebizitza publiko eraikitzeko plana, Irun gune tenkatua izendatu eta.

Hau horrela bada, «irundarren interesen alde egindako akordioaren baitan, desadostasun horiek nola bideratu dituzten eta hemendik aurrera bultzatuko diren neurriak zeintzuk izango diren» azaldu ez izanak harritu du EH Bildu, eta herritarrei azalpen horiek zor zaizkiela defendatu du. «Ez dute argitu orain arte izandako desberdintasunak nola bideratu dituzten, eta Irunerako estrategikoak diren gaietan zein posiziotara iritsi diren», esan du Brionesek.

Akordioaren muina

Zentzu honetan, koalizio subiranistaren ustetan, gobernu akordioarekin batera ostiralean egingo den 2025eko udal aurrekontuen onarpena eta udal gobernu berriaren arloen banaketa dago oinarrian, baina proiektu estrategikoak aipatuta, «etorkizuneko begiradarik gabeko zerrenda bat» osatu dutela leporatu diote gobernu koalizio berriari. 

Hau guztia argitu dezatela eskatu du EH Bilduk, hainbat galdera zuzen eginez: «Zeintzuk izango dira udal gobernu honen lehentasunak? Zein plangintza diseinatu da gaur egun hiritarrek dituzten beharrei erantzuteko? Zein da hiri eredua?». Hau argitu ezean, eta irundarrentzat ezinbestekoak diren proiektu estrategikoetan «paralisi egoera mantentzen bada, akordio honek herritarren beharrei erantzun ez eta beste interes batzuei erantzuten diola» frogatuko delakoan dago Oihana Briones. 

Bien bitartean, EH Bilduk «hiri honen alde eta bertako herritarren beharrei begira lanean jarraituko du, arduraz eta anbizioz», iragarri du.