Irungo Emakumeen Ahalduntze Eskolak maskulinitate berriak ere landuko ditu

Koldo Nausia 2025ko urt. 30a, 13:07

Udaberriko Ahalduntze Eskolak gai askotariko 8 ikastaro eta 5 tailer proposatuko ditu otsailetik ekainera Irungo Emakumeen Etxean. Maskulinitate berrien haritik, gizonezkoei zuzendutako Aitatasuna feminismotik tailerra antolatu dute aurreneko aldiz. Eta emakumeen osasun fisiko eta mentala zaintzeko, Bizitza Aktiborako eta Jarduera Fisikorako Orientazio Zerbitzu berria antolatu dute. 

Irungo Emakumeen Etxeak otsailetik ekainera bitarteko Udaberriko Ahalduntze Eskolaren programazioa aurkeztu berri du. Nuria Alzaga Irungo Udaleko Berdintasuneko ordezkariak orain artean antolatutako tailer eta laguntza zerbitzuek lortu duten arrakasta azpimarratu du. «Jaso duten harrera beroa kontuan hartuta, plazen banaketa zozketa bidez egitea erabaki dugu, denak bete ohi direlako, eta denei aukera bera eman nahi diegu», argitu du. Udaberriko programa eskaintza ugarian izena emateko epea urtarrilaren 31n ireki eta otsailaren 13an itxiko dute, eta eskaerak eskaintza gainditzen duen tailerretan zozketa otsailaren 14an (10:00etan) egingo dute, Emakumeen Etxean bertan. 

Berdintasun ordezkariak gogoratu duenez, erabiltzaileei parte hartzea errazte aldera, 4 eta 12 urte bitarteko haurtzaindegi zerbitzua eskainiko dute Emakumeen Etxean bertan, jarduerak egiten diren bitartean. 

Nobedade anitz

Gai askotariko tailerrak proposatuko dituzte udaberrian, baina zerbitzu berri bat ere estrenatuko dute. Bizitza Aktiborako eta Jarduera Fisikorako Orientazio Zerbitzua izenekoa, eta Maddi Marquetek zuzenduta, jarduera fisikoak emakumeen autoestimua, konfiantza eta osasuna bera ere hobetzen dutela aintzat hartzen duen zerbitzua da. Marquetek azpimarratu duenez, «bizitza aktibo bat mantentzeak onura asko ditu, ez bakarrik maila fisikoan, baita osasun mentalean ere». 

Emakumeen Etxeak proposatzen duen eskaintza berria, hilero bigarren eta laugarren ostegunetan eskainiko dute, 17:00etatik 19:00etara. Interesa duten emakumeek hitzordua eskatu beharko dute 943 505 505 telefonora deituz edo Istillaga plazako Emakumeen Etxean bertan, astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 20:30era.

Bestalde, Irunen erroldatutako emakumeentzat aurretik ere martxan zituzten hiru aholkularitza zerbitzuak mantentzen dituztela gogoratu du Nuria Alzaga zinegotziak. Profesionalen laguntza jaso dezakete bertan, aholkularitza juridikoa, sexuala eta tituluak homologatzeko laguntza. Azken hau, bereziki emakume atzerritarrei zuzendutakoa. 

Tailer eskaintza zabala

Udaberriko Ahalduntze Eskolan antolatutako tailerretan ere, badira proposamen berriak eta berritzaileak. Garazi Oyarbide psikologak 'Dolu Perinatala'  tailerra emango du. Argitu duenez, orain arte landu ez den dolu mota hau lantaldeko terapian aztertuko dute, emakumeek haien bizipenak partekatuz. Lau saio egingo dituzte, eta azkenekoan partehartzaileen bikoteak ere gonbidatuko dituzte. 

Jardueren arduradunak Ahalduntze Eskolaren aurkezpenean, Irungo Emakumeen Etxean.

Nobedadeen artean, Emakumeen Etxean gizonezkoentzat eskainiko duten aurreneko tailerra dugu, Parean elkarteak proposatuko duen Aitatasuna feminismotik. Bertako Ainara Lopezek argitu duenez, iaz amatasuna lantzeko tailerrak izandako arrakastaren ondotik, orain «aitatasuna ikuspegi feminista batetik bizi nahi duten gizonezkoentzat izango da, maskulinitate berriak lantzeko». 

Bestalde, Magala taldeko Josune Ibargoienek 'Hilekoaren Zikloa' tailerra emango du, ziklo menstrualari buruzko desinformazio handia dagoelako, eta emakumearen osasunaren termometro bat izan daitekeenez, gure gorputzarekin konektatzeko. Ana Rodríguezek, aldiz, 'Grafologia' tailerrean teknika hau erabiliko du autoezagutza bultzatzeko. Eta 'Asertibitatea Feminista klabean' tailerrarekin borobilduko du bere eskaintza. Nuria Sociats, Nerabeen Ahalduntzea tailerreko psikologoa da, eta hasiberria den nerabeei zuzendutako autoezagutzarako psikologia infantojubenila landuko du neskato gazteekin. Eskaintza borobiltzeko, Susana Esparzak AmArte autozaintzari buruzko tailerra proposatuko du, eta Marijo Noain historialariak, Emakumea Historian eta Emakumea Artearen Historian tailerretan, bietan ala bietan, historian zehar inbisibilizatuak izan diren emakumeen rolak eta garrantzia izango ditu aztergai.

Hauek adibide batzuk besterik ez dira. Orotara, udaberri honetan zortzi ikastaro eta bost tailer izango baitira irundarren eskura.  Doakoak izango dira, eta eskaintza osoa hemen duzute.