Irungo kaleak Lizartzako inauterien kolorez eta dantzaz beteko dira

Aitor Errazkin 2025ko ots. 3a, 08:55

Otsaileko ostegun guziz, Kemen Dantza Taldeak Euskal Herri Inauteria prestatzeko ikastaro irekia antolatu du Irunen. Inauteriak prestatzen ari dira eta aurten Lizartzako inauteriei keinu egingo diote, Kemeneko Aiora eta Amaiurrekin hitz egin dugu. 

Ohiturari jarraituz, Kemen Dantza Taldeak Euskal Herri Inauteria ospatuko du Irunen inaute aurre egunean, martxoaren 1ean. Aurreko urteetan Luzaideko bolantak edo Lapurdiko inauterietako dantza eta jantzi koloretsuak aurkeztu ondoren, aurten Tolosaldeko Lizartza herria izango dute erreferentziatzat. Ez da lehen aldia Lizartzako inauteria Irungo kaleetara ekartzen dutela; 2016an ere antzeko emanaldia egin zuten.
Aiora eta Amaiurrek adierazi dutenez, "inauteriak ospatzeko modu hau benetan berezia da, ohiturak mantentzeko eta Euskal Herriko hainbat herritako kultur adierazpenak ezagutzeko aukera ematen duelako". Gainera, Kemeneko kideek nabarmendu dute helburua jende gehiagok parte hartzea dela, tradizioak bizi-bizirik mantentzeko.

Parte hartzeko aukera guztientzat

Parte hartu nahi duten guztientzat ikastaro irekia prestatu dute otsailean, Lizartzako inauterien dantzak eta ohiturak ikasteko. Otsailaren 6, 13, 20 eta 27an (ostegunak) Urantzu pilotalekuan egingo dira saioak, 19:00etatik 20:00etara. Izen-ematea 686 87 22 07 telefono zenbakira deituta egin daiteke.

Kemen dantza taldearen egitaraua:

    • Otsailak 22: Kauterak
    • Martxoak 1: Herri Ihauteri (Lizartzako inauteriak)
    • Martxoak 2: Puska Biltzea (Olaberria auzoko baserrietatik)

Irundar guztiei eta inguruko herritarrei gonbidapena luzatu diete inauterietan parte hartu eta euskal tradizioak elkarrekin ospatzeko. Kemen Dantza Taldekoek gogorarazi dute parte-hartzea librea dela eta esperientzia eder hau guztiekin partekatzeko irrikitan daudela.


Kemen dantza taldearen egutegia salgai

Kemen Dantza Taldeak egutegi bat salmentan jarri du. Erosteko aukera dago Kemen Dantza Taldeko helbide elektronikoan (kemen@kemendt.com) edo leku fisikoetan: Irungo Mari eta Aranaztarra tabernetan, edo Labore Txingudi saltokian. Bestela, 686 872 207 telefono zenbakira deituz ere erosi daiteke.