Irungo Landetxa-Katea auzotik Olaberria auzora doan GI-3452 errepidean (5,630 eta 6,735 puntu kilometrikoen artean), dauden zuhaitzen egoera dela eta, dagozkion inausketa lanak egingo ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak otsailaren 10etik 15era. Udazken-negu honetan errepide horretan hainbat zuhaitz eta adar apurtu ditu haizeak, eta trafikoarentzat arriskua mugatu nahi du aldundiak. Aipatutako lanak behar bezala egiteko, galtzada erabat moztuko dute bi noranzkoetan, eta sei egun horietan 8:00etatik 17:00etara guztiz itxiko da zirkulaziorako lanek eragiten dioten zatian.
Iaz errepide berean egindako kimaketa lanei segida emango diote horrela, oraingoan Nekazarien Etxea baino pixkat lehenagotik hasi eta Trinkete Bordaren parerainoko zatian.