Irungo Udaleko Obretako, Mantentze Lanetako eta Azpiegituretako Arloak jakinarazi duenez, igande honetatik (otsailak 9) datorren ostiralera arte (otsailak 14), asfaltatze lanak egingo dituzte Nafarroa hiribidean, Eliza karrikaren eta Dunboako kanalaren artean. 300.000 euroko aurrekontua duen asfaltatze kanpainaren berri eman zutenean udalak iragarri zuenaren arabera, gainerako kaleetan ez bezala, hiriko trafikoaren ardatz nagusia den honetan lanak gauez egingo dituzte zirkulazioa ahalik eta gutxien oztopatzeko.
Izan ere, lanak egin bitartean, Nafarroa hiribidea itxita egongo da bi noranzkoetan, eta ez da izango aipatutako tartean aparkatzerik. Aldez aurretik seinaleztatuko dute, bertan ibilgailurik aparkatu ez dezan asfaltatu beharreko eremua libre uzteko.
Joan den astean hasitako kanpaina apirila arte luzatuko da, eta Pikoketa eta Aldapeta karrikak (Kale Nagusiaren eta Joaquín Gamon kalearen arteko zatia), Francisco de Gainza kalea (Colon ibilbidearen eta Beraketa karrikaren arteko zatia), Araba eta Iparraguirre kaleez (Harrobieta kalearen eta Bienabe Artia kalearen arteko zatia) gain, Nafarroa hiribidekoa da aurten udalak aurreikusi duen esku-hartzerik garrantzitsuena. Heldu den astean Eliza karrikaren eta Dunboako kanalaren arteko zatian ariko dira, baina Dunboako biribilguneraino ere asfaltatuko dute gero, orotara 560 metro luze duen kalearen galtzada osoa berritzeko.
Jokin Berridi, Obra eta Mantenu arloko teknikariak argitu duenez, udala auzo guztietara heltzen saiatzen da. «Baina egia da trafiko gehien duten kaleek lehentasuna dutela, horregatik duela bi urte Colon ibilbidea egin zen, eta ardatz nagusiaren bigarren zatia egingo da orain, Nafarroa hiribidea».
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!