Adinekoak erdigunean jartzeko, triziklo elektriko berria du Nagusikleta ekimenak Irunen

Antxeta Irratia 2025ko ots. 12a, 15:32

2023az geroztik Balazta eta Nagusilan elkarteek, adineko egoitzetako egoiliarrei eskaintzen dieten Nagusikleta ekimena indartzeko, triziklo elektriko berria aurkeztu dute gaur. Udalak erosi du, izan ere, Ongizate arloko Adinekoen Zerbitzuaren helburueri erantzuten dion europar mailako Cycling Without Age (Bizikletaz adinik ez) mugimenduarekin bat egiten du Irunek ere.

Balazta eta Nagusilan elkarteek pedalari eragiten jarraitzen diote etenik gabe. Oraingo honetan Nagusikleta ekimena indartzera datorren triziklo elektriko berria aurkeztu dute Irungo udaletxeko arkupetan. Balazta elkarteak erabiliko duen laugarren trizikloa da. Eta honakoa Udaleko Gizarte Ongizate arloak bideratutako dirulaguntzari esker erosi ahal izan dute. Hau irudikatzeko, Irungo alkate Cristina Labordak eta Gizarte Ongizateko ordezkari Josu Iguiñiz, Balazta elkarteko kide Alicia Pinorekin eta Nagusilan Bidasoaldea elkarteko kide Juan Carlos de Benito, Fermin Diaz, Lourdes Tobar eta Juana Mari Errorekin elkartu dira.

2023an ekin zioten Balazta eta Nagusilan elkarteek adineko egoitzetako egoiliarrei zuzendutako ekimena. Aspaldiko urteetan ibilkiak dira Nagusilaneko bolondresak Irungo eta Hondarribiko zahar etxeetan adineko pertsonen akonpainamendua egiten, eta paseatzera ateratzeko laguntza ematen. Baina aspaldi ikusi edo bisitatu ez dituzten herriko auzo edo eremuetara heldu ezinik, Balazta Bidasoko bizikletaren aldeko elkarteak Europan ohikoak diren trizikloak eskuratu zituen, adineko persona hauekin herriari buelta emateko helburuarekin. Bi elkarteen proiektu berezi horrek Cycling Without Age (En bici sin edad / Bizikletaz adinik ez) nazioarteko mugimendua du inspirazio iturri, eta Irun mugimendura batu da, adinekoen bizitasuna areagotzeko eta bakardadea prebenitzeko ekimen gisa. 

Cristina Laborda alkateak azaldu duenez, «ekimen honek adineko pertsonak jartzen ditu gure politiken erdigunean. Zehazki, mugikortasun urriko pertsonei aukera ematen die gure inguruko aire zabaleko ibilbideez gozatzeko. Eta aisialdi komunitarioko uneetan parte hartzeko aukera bat da». Halaber, Josu Iguiñiz Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak azpimarratu duenez, «udaleko Adinekoen Zerbitzuaren hainbat helbururi erantzuten die Nagusikletak, gizartean aktiboki parte hartzeko aukera emateaz gain, arreta berezia ematen diegulako egoera zaurgarrian dauden adinekoei». 

Gogoratu beharra dago, adineko zentroetako egoiliarrei zuzendutako ekimena dela honakoa. Baina Hondarribian, Gizarte Kohesiorako arloarekin lankidetzan, herriko adineko guztiei zabaldu berri diotela zerbitzua.

Bestalde, Balazta elkarteak oroitarazi duenez, Nagusikleta ekimena aurrera eramateko pedalari emateko prest dauden boluntarioak behar dituzte. Parte hartzeko interesa duen orok hemen izena dezake.