Iratxe Sorzabalen aurkako epaiketa berriak iragarri ondoren, haren egoera salatzeko eta elkartasuna adierazteko mobilizazio bat antolatu dute. Sorzabal, otsailaren 27tik 28ra eta martxoaren 17tik 18ra epaituko dute berriz, torturapean lortutako adierazpenak froga gisa erabiliz.
Bi auzibide horietan, Sorzabalek bost egunez jasandako torturen ondorioz egindako aitortzak berriro ere oinarri hartuko dituzte. Gogoratu behar da tortura horiek pairatu ondoren erruduntasuna onartu zuela, nahiz eta geroago bere errugabetasuna aldarrikatu. Hala ere, epaileak ez zituen tortura salaketak kontuan hartu, eta, ondorioz, 24 urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri zion.
Honen aurrean, Iratxeren Bidasoaldeko Lagunak taldeak elkarretaratzea antolatu du otsailaren 22an, 11:30ean, San Juan plazan.
Mobilizazio honen bidez,euskal presoaren eskubideen urraketa salatu eta justizia exijitu nahi diete agintariei.
Iratxeren Bidasoaldeko Lagunak taldekoen esanetan, herritarren parte-hartzea ezinbestekoa da, elkartasun keinu hutsa ez ezik, giza eskubideen aldeko ekintza ere badelako. Deialdi honen bitartez, Iratxe Sorzabal eta beste euskal presoen egoera mahai gainean jarri nahi dute, herritarrak mobilizatzera bultzatuz, injustiziaren aurrean erantzun kolektiboa emateko.
Elkarretaratzea errepresioaren aurkako salaketa kolektibo gisa ulertzen dute, eta, horregatik, herritarren ahotsa bildu nahi dute, elkartasun eta babes sare bat eraikitzeko, justizia eta eskubideen errespetua aldarrikatzeko.