Urtetik urtera Irunbus zerbitzua gehiago erabiltzen da. COVID pandemiaren salbuespen urtea baizik ez du gorako tendentzia moztu azken urteetan. Eta iaz berriz ere marka guztiak apurtu ondoren, 2024. urtean inoizko daturik onenak lortu ditu hiri-bus zerbitzuak. Gainera, Irungo Udaleko Mugikortasun Jasangarrirako ordezkariak, Sergio Javierrek azpimarratu duenez «Irunbuseko linea guztiek izan dute hobekuntza».
Guztira 2.067.164 pertsonek erabili dute zerbitzua, 2023an baino %6,77 gehiago. L1 (Zaisa-Ospitalea) linea da garrantzitsuena, hiria ardazten duena. Eta 2023an 1.350.263 bidaiarirekin marka berria lortu eta gero, 2024an marka apurtu du %7,2ko hobekuntzarekin. Guztira 1.447.775 erabiltzaile izan ditu. Halaber, L2 (SanJuan-Katea) zerbitzua izan da hobekuntzarik handiena jaso duen linea, %12,6ko (44.000 erabiltzaile gehiago) emendioarekin, orotara 439.602 pertsonek erabili dute. L3 (San Juan-Artia) eta L4 (San Juan-Antzaran-Olaberria) zerbitzuen kasuetan ere, hobekuntza nabaria izan da. Artia erdigunearekin lotzeko 108.622 lagunek hautatu dute autobusa, iaz baino %6,4 gehiago. Eta Antzaran eta Olaberria auzoak San Juan plazako geltoki nagusiarekin lotzen duen zerbitzuak, aldiz, 64.538 pertsonek erabili dute, iaz baino 8.000 lagun gehiago, %3,4ko hobekuntzarekin. Bestalde, Gautxori zerbitzuak ere 350 erabilera gehiago izan ditu iaz, eta 6.627 bidarirekin inoizko markarik onena egin du.
Zerbitzuaren berrikuntzen esperoan
Irungo Udalak azken urteetan egindako apostua berretsi besterik ez duela egiten nabarmendu dute agintariek. Arloko udal ordezkari Sergio Javierren uste, «garraio publikoa ez da moda bat, hiriaren transformazioaren irudiko baizik. Eta autoaren alternatiba baino, herritarrenkin berdinzaleago eta demokratikoagoa den garraio suposatzen du, denon onurako gainera, herritar guztiei garraio aukera jasangarria eskaintzen dielako». Zentzu honetan, Irungo Udala autobus lineak elektrikora egokitzen udalerri aintzindaria izan zen EAEn. Eta autobus flota osoa elektrifikatzeko lanean dihardutela nabarmendu du Javierrek.
Gogoratu behar da, Europatik jasotako Next Generation diru laguntza funtsaren 2 milioi euroei esker, eta udalak berak egindako inbertsioen ondorioz, lau autobus elektriko gehiago jarri nahi dituztela martxan. Irunbus sareko zerbitzu guztiak autobus elektrikoak izago zituztela iragarri zuten iaz, aldi berean 10 autobus egon ohi direla martxan, eta 11 elektriko izango dituzte berriak jaso bezain pronto.
Hala ere, 2023an udalbatzan onartu eta 2025 urterako aurreikusiak zituzten zenbait hobekuntza atzerapenez sartuko dituzte indarrean. Batetik, L5 linea berria, bestetik L1 linearen maiztasuna hobetzea, eta azkenik, L3 eta L4 lineak ere elektrifikatzearena. Azken kasu honetan hiru autobus berri erosiak dituzte horretarako, eta azken urrats administratiboa besterik ez da falta hauek zirkulazioan jartzeko.
Aldiz, 2023ko udalbatzan onartutako kontratu berriaren esleipenari helegitea aurkeztu zion garraio enpresa batek, eta Eusko Jaurlaritzaren OARC/KEAO bitartekaritza zerbitzuak arrazoi eman dioenez, kontratu berriaren plieguak egokitu behar izan dituzte. «Lan handia ematen ari digu honek eta ezin dugu momentuz data zehatz bat iragarri», aitortu du zinegotzi sozialistak L5 linea berriaren abiatzeaz, eta L1 linearen zerbitzua indartzeari buruz.