Txingudi Ikastolan 2016/2017 ikasturtean 12 urteko neskato batez sexualki abusatu izana leporatuta epaitu zuten abenduan, eta akusazio guztiak ukatu eta absoluzioa galdegin zuen akusatuak. Baina epaileak biktimak deklaratutakoa frogatutzat eman du, eta irakasleari lau urteko espetxe zigorra ezarri dio. Beraz, kartzelan sartzeaz gain, zazpi urte inhabilitazio eta beste hiru urteko urruntze agindua ezarri diote. Horrez gain, epaiketaren kalte ordainak 6.000 eurorekin ordaindu beharko ditu erasotzaileak.
Hala ere, sententzia ez da behin betikoa, eta oraindik helegiteak aurkez ditzake. Gogoan hartu behar da, irakasleak akusazio guztiak ukatu eta absoluzioa galdegin duela hasieratik, baita epaiketan ere.
Irakaslea duela hogei urte epaitua izan zen ere beste adin txikiko batekiko sexu gehiegikeriagatik, baina kasu hartan absolbitu egin zuten. Oraingo honetan, aldiz, biktimak 2021ean salatu zuen gurasoei kontatu ondoren, «beste neska batzuekin gauza berbera egin ez dezan». Jangela garaiko pausa denboran gertatu zela deklaratu zuen biktimak ateak itxita Gipuzkoako Epaitegietan abenduko epaiketan egindako deklarazioan.
Abenduaren 11n amaitu da epaiketa Gipuzkoako Auzitegian, eta biktimak ateak itxita deklaratutakoaren arabera, 2016/2017 ikasturtean eman zen ustezko sexu-abusua. Jangela garaiko pausa denboran irakasle honek ikasgela batean marrazkiak egitera gonbidatu zuen neska talde bat, eta bertan ikasmahaietan eserita margotzen ari zirela aprobetxatu zuen erasotzaileak 12 urteko neska honi abusu sexualak egiteko. Argitu dutenez, ez zen beraien irakaslea. Biktimak gertatutakoa ez zuen momentuan salatu, eta gurasoei 2021. urtean jakinarazi zien hezkuntza zentroan irakaslea berriz ikusi zuelako, eta «beste neska batzuekin gauza berbera egin ez dezan» helburuarekin.
Epaiketan bildutako deklarazioen arabera jakin denez, ikaskide batek gomendatu zion salatzera, eta biktimak amari kontatu ondotik, gurasoek hezkuntza zentroko zuzendariarengana jo zuten. Honek, biktimaren gurasoei salaketa aurkezteko premia zegoela aditzera eman ondoren, Hezkuntza Inspekzioan komunikatu zuen gertatutakoa. Eta erakunde honek laupabost egun beranduago ustezko erasotzailea lanik gabe utzi zuen bere irakasle lanpostutik apartatuz.