Bidasoa Institutuko patioa salbatzeko sinadura bilketa abian jarri dute

Antxeta Irratia 2025ko ots. 18a, 11:04

Osasun sailak Erdiguneko anbulatorio berria 2027an eraikitzen hasi nahi du ikastetxeko patioan, eta espazio hau Osakidetzari lagatzeak ikastetxearen beharrekin «sentsibilitate falta larria» erakusten duela salatzen dute. Erabakia hezkuntza-komunitatearekin kontsultatu eta ondorioak aztertu gabe hartu dela diote.

"Zein da gure etorkizuna?" eta "Bidasoa LHII Bizirik" aldarrikatzen duten kartelez josita dago egunotan, OarsoBidasoa eta Bortzirietako 400 ikasle baino gehiago dituen Bidasoa Lanbide Heziketa zentroa. Joan de urtarrilaren 29an Alberto Martinez Osasun sailburuak eskualdera egindako bisitan iragarri zuenak ezustekoan harrapatu ditu. Bistan denez, 2027an Irun Erdiguneko anbulatorio berria eraikitzeko lanak abiatu nahi ditu Eusko Jaurlaritzak bertan, 2029rako bukatze aldera.

Izan ere, Oinaurreko 4.000 metro koadroko anbulategiaz gain, Bidasoa Institutuko aparkaleku eta jolasgunean 8.000 metro koadroko osasun zentro berri baten proiektua aurreikusi du Osakidetzak Irun Lapitze-Elitxu auzune horretan. Sailburuak aditzera eman zuenez, «eskualdeko 100.000 herritar ingururen beharrei behar bezala erantzuteko».

Hezkuntza espazioak defendatzeko kanpaina

Proiektu honek ezustean harrapatu du Bidasoa LHII ikastetxeko hezkuntza komunitatea. Izan ere, sailburuak iragarri zuenez, Irungo Udalak eta Osakidetzak hitzarmen bat sinatuko dute, eta horren ondorioz, Bidasoa LHII institutuko patioa desagertuko da. «Gune hori funtsezkoa da ikasleen hezkuntza-garapenerako» jakinarazi du ikasle talde batek, eta change.org plataforman erabakia berrikusteko eskatzeko 500 sinadura biltzeko kanpaina azkarra abiatu dute. Ordu gutxitan 340 lagunek izenpetu dute dagoeneko. «Erabaki hau hezkuntza-komunitatearekin behar bezala kontsultatu gabe eta ondorioak aztertu gabe hartu da, eta ikastetxearentzat onartezina den galera dakar», salatu dute ikasle hauek. 

Espazio honek hainbat funtzio betetzen dituela oroitarazi dute. Batetik, irakasleen eta ikastetxeko langileen aparkalekua delako, baina ikasleen aisialdirako eta osagarri diren jarduerak egiteko gune bakarra ere. Zentzu honetan, aparkalekua desagertzeak irisgarritasun arazoak sorraraziko lituzke. Diotenez, «alternatibak bilatzera behartuko ditu, dagoeneko ingurune saturatu batean, puntualtasuna eta ikastetxera sartzeko aukera zailduz». Gainera, Osasun sailburuak iragarritako proiektuaren asmoarekin batera, konponbide bideragarririk ez du proposatu, eta horrek plangintza faltaren kezka areagotzen du hezkuntza komunitate honetan. 

Bestalde, ikasleen ongizatea erdigunean jartzea eskatzen dute. «Patioa ezinbestekoa da klaseen arteko atsedenaldietarako, sozializaziorako eta osagarri diren jardueretarako. Lanaldi luze eta zorrotzak dituen lanbide-heziketako zentro batean, atseden guneak kentzeak zuzenean eragingo dio ikasleen osasun fisiko eta mentalari». Jakin izan dutenez, espazio hori ordezkatzeko Sindikatu Bertikalak okupatzen zuen berdegunea Bidasoa ikastetxeari emango zaiola iragarri diete. Baina ikasleen ustez, «tokomotxoa edo estanpatxoaren iruzurra» da hori. 

Hemen duzute Change.org plataforman martxan duten sinadura bilketarekin bat egiteko QR gakoa: