Uranzu kale inguruetan agertu diren pintaketa arrazistak gaitzetsi ditu Irungo Udalak

Koldo Nausia 2025ko ots. 25a, 17:26

Astearte honetan Uranzu kalean, Palmera Montero gunearen kanpo hormetan eta lehioetan, eta BM supermerkatuaren sarrerako pertsianan agertu ziren pintaketa arrazista eta xenofoboak gaitzetsi ditu Irungo Udalak. Azken hilabeteetan eraso nazi-faxisten gorakadari buruz aipurik egin gabe, baina aurreneko aldia da halako ekintza bat salatzen duela. Udalak argi utzi nahi izan du horrelako ekintzek ez dutela lekurik egungo gizartean eta bizikidetza oztopatzen dutela.

«Herritar guztiak errespetatzea, jatorria edozein dela ere, eta hiriko espazioetan gizatasunez jokatzea» eskatu du Irungo Udalak. Tamalez, irailaz geroztik ohikoa bilakatu dira mezu arrazista eta xenofoboak ez ezik, esbastika naziak edota eraso faxistak Irungo kaleetan.

Oraingo honetan, "Fuera moros" eta "Inmigración Stop" bezalako pintaketak izan dira, baina aurrekoetan LGTBIQ+ kolektiboaren kontrakoak ere agertu dira Irungo kaleetan. Izan ere, ugariak izan dira Irunen, eta orohar Bidasoaldean, azken aldian agertu diren pintaketa xenofobo eta arrazistak.  Lakaxita Gaztetxean pintaketak egin eta Moskuko Gaztetxea ere bi lehergailurekin erasotua izan zen abenduaren 18an, GKSko hainbat kide bertan bilera bat egiten ari zirela. Esbastika nazia ezarri zuten orduan gaztetxearen atarian. Erasoei erantzunez 200ndik gora gazte mobilizatu ziren egun horietan Urdanibia plazan eraso faxistei aurre egiteko prest.

Hondarribian (Kai Berrian eta Guadalupen) edo Irungo Landetxa eta Santiagoko frontoietan ere halako pintaketa nazi-faxistak azaldu dira azken hilabeteetan. Eta kristal puskak itsatsita zituzten pegatina naziak ere agertu dira Irungo txoko askotan, hauek kentzerakoan zauritzeko asmoz. 

Izan ere, eskuin muturraren gorakadaren aurrean, eraso hauen atzean Devenir Europeo taldeko zelula bat dagoelakoan kezka adierazi dute azken asteetan gazte mugimenduek ez ezik, Bor Bor hausnarketarako kolektiboak (hitzaldi ziklo bat antolatu du herritarrak informatu eta aktibatzeko) baita herri mugimenduko hainbat eragilek ere. Lesakako herriko etxeak bere partetik, Aginako Lepoan dagoen frankismoaren biktimen oroitarria moztu eta esbastika nazia marraztu zutela salatu zuen abenduaren 18an.