Ababor azoka: Ficoba kirol portu estalia bilakatu da martxoaren 28tik 30era

Antxeta Irratia 2025ko ots. 28a, 13:32

Ababor azokaren hirugarren edizioak 40 erakusketari, 30 ontzi eta jarduera programa zabala proposatzen du martxoaren 28tik 30era Ficoban. Itsas turismo, zerbitzu eta kirol nautikoak ez ezik, Ficoba portu estalia bilakatu eta Jeanneau, Beneteau, Lagoon, Yamaha, Volvo eta ontzien beste hainbat marka entzutetsuk euren lehen eta bigarren eskuko ontziak ekarriko dituzte azokara.  

Ababor Euskadiko Biurteko Nautikoaren III. edizioa Ficoban ospatuko da martxoaren 28tik 30era. Biurteko azoka da orain, eta sektoreko enpresa ugarik, lehen eta bigarren mailako ontzien eskaintza oparoaz gain, erakusketa, dibulgazioa eta entretenimendua uztartuko duen jarduera paralelo anitza jasoko du sektore nautikoaren erreferentziazko azoka honek.

Maialen Gaztañaga, Ficobako azoken arduradunak argitu duenez, Gipuzkoa eta Euskadiko bisitariak eta erakusketariak ez ezik, Akitaniatik ere bisitari asko hurbildu ohi da urtero. «Sektoreko terminologia erabiliz, azokak haizea poparean duela esan dezakegu», diote Ficobatik. Izan ere, aurreko bi edizioetan arrakasta lortu du, eta Ababor garrantzi handiko ekitaldia bihurtu da eskualdean, guztira 80 erakusketari eta ia 10.000 bisitari erakarri dituelarik. Ababor azokaren 2023ko edizioaren balorazio baikorra egin zuten bisitariek, eta parte hartzaileen %86k baino gehiagok ziurtatu zuten hurrengo edizioetan parte hartuko zuela. 

Aurten azoka indartu egin dute, eta aisialdiko nautikarekin eta uretako jarduerekin zerikusia duten sektore guztiak ukituko ditu, baita turismoa egitekoak eta uretako esperientzia edo zerbitzuak ere. Antolatzaileek iragarri dutenez, aurten 40 erakusketari eta 30 ontzi baino gehiago bilduko ditu azokak, eta sektoreko azken berrikuntzak deskubritzeko plataforma paregabea izango da: motorrak, atoiak, elektronika eta osagarriak, zerbitzu nautikoak, turismo nautikoa, itsas-kirol eskolak, aseguruak, urpekaritza, kanoa eta kayak, arrantza egiteko osagarriak, jantzi espezializatuak, uretako motoak etabar luze bat. Ontzien kasuan, lehen eta bigarren eskukoak izango dira, ikusi eta erosteko aukeran, Jeanneau, Beneteau, Lagoon, Yamaha edo Volvo bezalako puntako ontziola marken eskutik. 

Hala ere, Ababor azoka bat baino gehiago dela nabarmendu du Ficobak. Izan ere, sektore nautikoaren topagune bilakatu nahi du; Eta Euskadiko Kirol Portuen babesarekin, hiru egunetan bisitariek nahiz profesionalek hainbat hitzaldi, mahai inguru eta jarduera praktikotan parte hartu ahal izango dute. Eta Gaming Gune bat ere izango da aurten. 

Arlo dibulgatiboaren aldetik, aldiz, proposamen ugari egingo dituzte, baina muturreko baldintzetan nabigatzen dutenen esperientziak ezagutu ahal izango da. Batetik, 2024an Atlantiko Ozeanoan 8.300 kilometro bakarka zeharkatu eta munduko errekorra lortu duen Aina Bauza mallorkarraren bizipenak ezagutu ahak izango dira bertan. Bestetik, Guillermo Cañardo eta Pedro Eurrutiaren oroitzapenak jasoko dituzte, White Shadow izeneko 1978ko Swan 57 batean, Ocean Globe Race lasterketan parte hartu zuen ontzi espainiarrean munduari eman zioten bira. Azkenik, Pelayo Vida X. edizioan Antartika konkistatzeko erronka ere izango da hitzaldien artean. 

Informazio gehiago, www.ababor.eus helbidean.