Igantziko Irisarriland abentura parkean astebete igarotzeko udalekuak antolatu ditu berriz ere Irungo Udaleko Gazteria arloak. Aurreko urteetan izandako arrakasta ikusirik errepikatzea erabaki dute. Iaz bezala, Irunen erroldatutako 2009tik 2017ra jaiotako 300 haurrek izango dute udaleku hauetaz gozatzeko aukera Bortzirietan. Dagoeneko izena eman daiteke, hilaren 21a arte. Udalak argitu duenez, sei txanda antolatuko dituzte, uztailaren 2tik 8ra lehena, eta abuztuaren 1etik 7ra azkena (*ikusi beherako zerrenda osoa).
Astebeteko udalekuak dira eta txanda bakoitzean 50 haur hartuko dituzte. Plazak zozketa bidez esleituko dituzte eta behin behineko zerrendak hilaren 26an argitaratuko dituzte. Alegazioak hilaren 26tik apirilaren 2 arte jar daitezke udalaren orrialdearen bidez, edota 010 edo 943 505 152 telefonora deituz. Aldiz, behin betiko izena emateko epea apirilaren 28tik maiatzaren 9ra artekoa izango da. Eta behin hautaketa prozesua amaitutakoan, bilera bat egingo da udalekuetara joango diren haurren guraso eta tutoreekin.
Diru iturrien araberako prezioak
Bestalde, Irungo Udalak udal zerbitzuei aplikatzeko kuota sistema berria onartu duenez, udalekuetan aplikatzen hasiko da. Horren arabera, udal zerbitzuen tasa publikoak unitate familiarraren diru iturrien arabera egokitzen dituzte. Hortaz, lau tarifa ezberdin aplikatuko dituzte. Argitu dutenez, 15.120 eurotik beherako errenta dutenentzat, tarifaren %5 (10 euro); 23.188 eurotik beherako errenta dutenentzat, tarifaren %35 (70 euro); 29.096 eurotik beherako errenta dutenentzat, tarifaren %75 (150 euro) eta 29.096 eurotik gorako errenta dutenentzat, aldiz, tarifa osoa ordaindu beharko dute, 200 euro.
*Txanda bakoitzaren epeak eta adin tarteak:
- Uztailaren 2tik 8ra 2015-2017 urteen artean jaiotakoak.
- Uztailaren 8tik 14ra 2012-2014 urteen artean jaiotakoak.
- Uztailaren 14tik 20ra 2015-2017 urteen artean jaiotakoak. .
- Uuztailaren 20tik 26ra 2012-2014 urteen artean jaiotakoak.
- Uztailaren 26tik abuztuaren 1era 2009-2011 urteen artean jaiotakoak.
- Abuztuaren 1etik 7ra 2012-2014 urteen artean jaiotakoak.