'Hemen Zuhaitz Bat Falta Da' kanpaina abian jarri du Artiako Lagunak taldeak

Koldo Nausia 2025ko api. 7a, 13:27

Joan den azaroko haizeteen ondorioz Juan Thalamas Labandibar eta Dario de Regoyos arteko ezpondan erori zen 18 metroko ezkiaz gain, Irungo Udalak halako beste hiru zuhaitz kentzea erabaki zuen bertan. Landaketa kanpaina amaitzear dagoela, motzondo soilak bertan jarraitzen dutela dio Artiako Lagunak taldeak, eta kendutakoak ordezkatzera behartzen duen 2020ko mozioa gogora ekarri du udalaren «zuhaitzen kudeaketa eskasa» salatuz.

Azaroaren 24an 140 kilometro orduko haize ufaden ondorioz hainbat zuhaitz erori ziren Irunen. Egun hartan Sarjia parkean, Ibarlako bidegorrian... eta denen artean, errepide nagusiko trafikoa etetera behartu zuen Juan Thalamas Labandibar eta Dario de Regoyos arteko ezpondan dauden ezkietako bat izan zen protagonista. Irungo Udalak inguruan zeuden beste hiru ezki gehiago moztea erabaki zuen ondoren, hauek ere erortzeko arriskua zegoela argudiatuz.

Ekidin daitezkeen motzondoak

Artiako Lagunak taldeak, aldiz, gogor salatu zuen orduan, haizeak bota zuen zuhaitzak F2 motako ISA arrisku ebaluazio txostenean "zuhaitzaren arrisku balorazio altua" izendatuta zuela, baina egin beharreko kimaketa lanak ez zituela udalak tenorez egin. Izan ere, 18 metro altuerako zuhaitz honen kimaketa egin beharra zegoen %10 batean inausteko, eta lan horrek urtebeteko atzerapena zeraman haizeak arbola bota zuenean.

Hau saihestu zitekeela uste du talde ekologistako Alazne Izulainek. Baita ondoren udalak ebaki zituen hiru zuhaitzak ere, «handiak izanik, osasuntsu zeudelako». Zuhaitzek kimaketa eta mantenu lanak behar dituztela gogoratzen du, eta moztutako zuhaitzak ordezkatu behar direla. «Zuhaitzak kentzen direnean, landaketa plan bat behar da, Doctor Arbol enpresak egindako txostenean oinarrituta udalak hori onartu zuen, eta ez du betetzen», salatzen du.

Ezki lerro osoa azaroko haizeteen aurretik. Haizeak botatakoaz gain, beste hiru kendu zituen udalak gero. 

Une honetan, Behobiatik Arenas Carrilloko eskaileretara 42 ezki daude, eta beste 48 gehiago bertatik Azken Porturaino. Oraindik ere zutik jarraitzen duten 90 ezkiak bere horretan mantentzeko ohiko kimaketa lanez gain, neurri gehiago har daitezkeela uste du. «Zuhaitz hauek errepide honetatik egunero pasatzen diren 35.000 ibilgailuen kutsadura garbitzeaz gain, zarata ere kentzen die auzoko etxeei, eta haizearen kontrako babesaz gain, haien sustraiek ezpondaren lurrak eusten dituzte», gogoratzen du Izulainek. 

Zuhaitzen ordezkapen eskasa

Alde horretatik, Artiako Lagunak taldeak Irungo Udalaren «utzikeria eta borondate falta» salatu du hiriguneko zuhaitzen kudeaketan. Urtero arrazoi ezberdinak direla kentzen dituzten zuhaitzak ordezkatzeko konpromisoa 2020ko uztailaren 21eko udal osoko bilkuran talde politiko guztiek aho batez onartutako mozioan aitortu bazen ere, urtez urte hartutako konpromisoa ez duela betetzen leporatzen dio udal gobernuari. Horregatik #HemenZuhaitzBatFaltaDa lelopeko kanpaina abian jarri dute sare sozialetan, irundarrei ezagutzen dituzten ordezkatu gabeko zuhaitzen hutsuneei argazkia egin eta salatzera animatuz. 

Talde honen ustez, Artian ez ezik, hiria zehar hamaika dira jar daitezkeen adibideak. Urtero landaketa plan bat egiten du elkarteak udalari proposamenak eginez, eta batzuetan kontuan hartzen dute, baina «aski lan dute kentzen dituzten zuhaitzak ordezkatzen». Hori dela eta, gaur egun Irungo Udalak hirigunean 15.000 zuhaitz daudela aldarrikatu badu ere, «65.000 biztanleentzako kopuru eskasa da gure ustez, zirkulazioan auto gehiago da zuhaitzak baino», dio Izulainek.

Aipatutako ezkien kasuan, Dario de Regoyos kalearen espaloiaren bazterrean (ezki lerroari paralelo) bigarren ilara bat landatzea proposatu zioten udalari iaz, eta halako lau zuhaitz gazte landatu dituzte. «Lerro berri bat egin dute gorago, baina landaketa kanpaina apirilean amaitzen da, eta azarotik ez dituzte kendutako lau ezki handiak ordezkatu, hutsuneak hor daude», dio.