Kontsumo ohitura berrietara egokitzeko urrats berriak egin ditu Irungo merkataritza sektoreak azken urteetan. Amazon eta bestelako multinazionalen internet bidezko salmentak ororen %25 suposatzen zuten Gipuzkoan aldundiak 2023an egindako azken inkesten arabera. Eta lehia horretan murgiltzeko erronka onartu zuen Bidashop merkatarien elkarteak Irungo Udalarekin elkarlanean Irun.Market egitasmoa abian jarriz. Egitasmoa garatzeko 1,6 milioi euro jaso ditu udalak Errekuperazio, Eraldaketa eta Erresilientzia Planetik, baita Europar Batasunak finantzatzen duen NextGeneration europar funtsei esker.
Ohitura berriak
Interneteko plataformaren bidez erosi eta dendan jasotzeko aukera eman zuten hasieran. Ondoren, bizikleta bidezko banaketa zerbitzua egiten duen Badoa kooperatibarekin etxez-etxeko zerbitzua garatu zuten, eta joan den martxoaz geroztik, Nafarroa hiribidean, Mendibilgo azokan eta Hondarribia kalean kontsignak instalatu dituzte, tokiko komertzio txikian internet bidez erositakoa "nahi duzunean" (24/7) jasotzeko. Gainera, kontsignek hozgailua dutenez, edozein produktu motarako balio dute, izan arrandegi, izan edozein produktu freskoetarako ere.
Irungo Udalak tokiko komertzioen salmenta bide hau bultzatzeko hainbat kanpaina antolatu ditu azken urteetan. Eta martxoan bertan deskontu kodeak eskuratzeko eskaeren marka historiko guztiak apurtu zituen irun.market plataformak. 1.309 pertsonek eskatu dituzte deskontu kodeak, iazko maiatzean egindako aurreko kanpainan lortutako 787 eskaerak ia bikoiztuz. Udaleko Hiri Bultzadarako arloak gogoratu duenez, oraingo honetan eskainitako deskontu kodeak maiatzaren 5etik ekainaren 15era arte erabili ahalko dira, irun.market online salmenta plataforman parte hartzen duten establezimenduetan. Gehienez ere bost erosketa egiteko erabili ahalko dira kodeak, baina kode
guztiak erosketa bakarra egiteko ere erabiltzen ahal dira, kode bakoitzeko gastua 30 eurotik gorakoa den bitartean.
Aurrez aurreko erosketen gorakada
Baina historikoki hiriko ekonomian pisu nabarmena izan duen sektorea garai berrietara egokitzen ari den bitartean, CaixaBank Research behatokiak plazaratu berri duen azterketaren arabera, irundarrek aurrez-aurreko erosketak egiteko ohiturari eusten diote oraindik. Are gehiago, 2024 urtean dendan bertan egindako kontsumoa gehien emendatu den espainiar estatuko 10 hirien artean aurkitzen da.
Establezimenduetan txartela bidez egindako ordainketak neurtzen ditu behatoki honek urtero, 35.000 biztanle baino gehiagoko estatu mailako 207 udalerritan. Eta aditzera eman dutenez, Irun espainiar estatu mailan halako aurrez aurreko erosketak gehien emendatu den 10 hirien artean aurkitzen da, Gavà eta Ripollet (Bartzelona), Estepona (Malaga), Benidorm (Alacant), Paterna (Valentzia) edota Murtzia hiriburuaren pareko.
2024ko udazkenean (irailetik abendura bitartean) beherakada nabarmena eman bazen ere, udaberria eta udan aurrez aurreko salmenta datu onak izan zituen Irungo komertzioak. Martxoan (%6,8), apirilean (%10,9) eta abuztuan (%13,5) emandako gorakadari esker, iaz urteko salmentaren tasak %5,6 egin zuen gora Irunen txartel bidezko ordainketei dagokienez, Gipuzkoako batez bestekoa %1,2koa izan zen bitartean. Neurtutako beste bi hiriak Donostia (+%1,1) eta Orereta (-%1,4) izan ziren.