Bideoak

Joxe Mari Lopetegi bertsolaria omenduko dute igandean, bere jaiotzaren 150. urteurrenean

Aimar Lopez 2025ko api. 11a, 16:00

Apirilaren 13an mende eta erdi beteko da bertsolari irundarra sortu zenetik, eta haren ondarea oroitu eta memoria omentzeko eguna izanen dute. Amikuzen zendu zen 1942an, erbestean, bere militantzia eta bertsokera politikoaren ondorioz.

"Joxe Mari Lopetegik bi aldarri zituen bizitza osoan: Errepublika eta euskara": Igauri Lopetegi herenilobaren hitzak dira, omenaldiaren bezperatan, hunkiturik mintzatu zaigu. Familian belaunaldiak aurrera joan arren, Joxe Mariren memoria bizirik dute, baita erbestean zendu izanaren zauria ere. Igandeko omenaldiak hori sendatzeko balioko die Lopetegitarrei.

Irunabar Irungo Bertsoaren Bilguneak antolaturik, bazkaria izanen dute lehenik, eta 18:00tan berriz kantaldia. Bertan, Igauri Lopetegik azaldu duenez, bertsolariaren sorta ezagun ugari kantatuko dituzte, baita azken urteetan hainbat ikerketek argitara emandako sorta ezezagunagoak ere.

Izan ere, 1942an Arrueta-Sarrikotan erbestean zendu bazen ere, haren hainbat eta hainbat bertso sorta musikatuak izan dira geroztik. Halaber, erbesteak bere aztarna utzi eta Lopetegiren bertze hainbat bertso ezezagunak izan dira, harik eta azken urteetan Joxean Elosegik eta Aitor Errazkinek ikerketen ondorioz atzeman dituzten arte. Igandeko kantaldian, Irungo bertso eskolako kideekin batera musikatuko dituzte berriki ezagututako bertso hauek.

Senideentzat ez ezin, Irungo bertsozale eta bertsolarientzat Lopetegiren figura bizirik atxikitzea ezinbertzekoa dela azaldu du herenilobak. Askotan "erreferente bila kanpora", Euskal Herriko bertze herrietara joaten omen dira bertsolari irundarrak, baina hirian bertan badute itzal aski handiko bertsolari bat. Joxe Mariren garaian Irun herri euskalduna zela oroitarazi du Igaurik bidenabar, eta egun, haren bidetik, euskaraz eta bertsotan aritzeko deia egin.