Duela bi hamarkada Gazteak Bizirik mugimenduak egindako okupazioa gogoratzen duen Jaion festa ospatu zuten larunbatean Irunen. Euri erauntsi handien azpian, Irungo hirierdia trebeskatu zuen kamioi baten gaineko kontzertu ibiltariak, eta gaueko ordu txikitan amaitu zuten festa gaztetxean. Gazte askorentzat Jaion besta, «mugarri» izan da beti. «Espaloietan harridura aurpegiak ikusi, eta Colon ibilbidean kontrakultura ekintza bat gozatuz eta aldarrikatuz egiteak» suposatzen duen guztiagatik.
Irungo Lakaxita gaztetxeak 20 urte bete ditu. Bidasoaldean okupazioaren bidez irauten duen gaztetxe proiektu bakarra da Lakaxita. Eta 20 urteotan erresistentzia gune eta herri mugimenduaren antolakuntzaz gain, hainbat proiektu gorpuzten ikusi ditu bertatik bertara. Hitzaldiak, kontzertuak, begeta-tailerrak, hacklabak, elikadura burujabetzarako baratze kooperatiben banaketa gune, Labore Txingudiren aurreneko saltokia, AHTaren kontrako mugimenduaren elkargunea, Yeah etxebizitzaren arazoari buruzko mugimenduaren edota Irungo Harrera Sarearen aurreneko egoitza izan zen ere, 2018ko udan lehe migratzaile uholdeen aurrean, hauei harrera egiteko gaztetxea aterpe bilakatu zutenean.
Orain, aldiz, Irungo Udalak eta Eusko Jaurlaritzak San Migel-Anaka eremuan eraiki nahi dituzten etxebizitza sozialen mehatxupean, proiektu urbanistikoak kolokan jarri dezake gaztetxea. Hala ere, eskualdean eta Euskal Herrian salbuespenezko gaztetxea da Lakaxita. Okupazioa egin eta ondoko urteetan epaile batek aitortu baitzuen «zabortegi bat zen lekuari, arazo bat zenari, konponbidea eman ziola Gazteak Bizirikeko» Irungo gazte errebeldeek.
Hainbat belaunaldik ikasteko, antolatzeko, esperimentatzeko eta trebatzeko aukera izan dute Lakaxitan bi hamarkada hauetan zehar. Eta bizirik irauteko asmoa duten heinean, Jaion bestan 20 urteko historia ospatzeak ez du esan nahi atzera begiratzen dutenik, kontrakoa baizik. Hala ere, gazte mugimenduak historia badu Irunen, baina ez hainbeste memoria. Antxeta Irratiak oraingo eta lehengo asanbladako kide zenbaitzuekin hitz egin du, atzera begiratu eta 20 urteotan egindako ibilbidea balioan jarri nahian.
Izan ere, bertako kideek nabarmendu dutenez, Lakaxitak inopiz ez du Irungo elkartegintza mainstream-arekin parekatzeko asmorik izan, baina saiakerak egin dituzte, auzora zabaldu eta proiektu ezberdinak elkarrekin aurrera eramateko. Baina kanpora begira proiektatzen duen irudia bat izan da, eta jarraitzen du izaten, «eta horregatik izan da beti baztertua agintariengandik». Beste Irun posible baten erresistentzia fokoa delako.