Artian, Larreaundin, Elizatxon eta Kostorbe-Gal inguruan 2.996 TAO plaza berri maiatzaren 1ean martxan izango zirela iragarrita bazuen ere, Irungo udal gobernuak joan den irailean onartu zuen TAO kontratu berria plantan ematea uste baino gehiago atzeratzen ari da. Hasiera batean urte hasieran indarrean ezarri behar zuten, baina egokitze lanak egin artean, otsaila-martxoa arte ez zirela martxan jarriko jakinarazi zuen Mugikortasun arloak. Ondoren maiatzaren 1era atzeratu zuten. Eta oraingo honetan, agindu berria eman arte ez aplikatzea erabaki dute.
Udalak ohar baten bidez argitu duenez, enpresari atzerapenaren inguruko azalpenak eskatu dizkio, sistema martxan jartzeko konpromisoa hartu zuelako parkimetroak izan bezain laster. Seinaleztapen bertikala eta makinen euskarriak falta dira ere, eta bitartean, margotze lanekin jarraituko du udalak zonalde ezberdinetan, Artia eta Larreaunditik hasita, 14 eta 15 eremuetan.
Egoiliar txartel berrien ordainketak
Dena dela, udalak egoiliarren aparkaleku txartel berriak maiatzaren 1etik aurrera aplikatzeko izapidetzeko prozesua abiatua zuen, eta 1.840 egoiliar txartel eskaera kudeatu ditu orain artean TAO eremu berrietan. Egoiliar txartela 32 euroko kostua du, maiatzaren 1etik aurrera baliagarria izango zela aintzat hartuta, hau da, 2025eko bi lauhileko besterik ez ditu udalak kobratu.
Hala ere, atzerapen berri hau kontuan hartuta, ordainagiria helbideratuta duten pertsonei zerbitzua martxan jarri arte ez zaiela kobratuko ohartarazi du. Eta dagoeneko ordaindu dutenen kasuan, aldiz, Irungo Udalak zerbitzua martxan egongo ez den epeari dagokion ordainketaren parte proportzionala itzuliko duela iragarri du. Zalantzak argitzeko HAZ-SAC Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren bulegoetan. Zalantzak argitzeko 943505152 edo 010 telefono zenbakira deitu daiteke.
%50 TAO plaza gehiago
Irungo Udalak esleitu duen azken kontratua bi urtekoa besterik ez da izan. Isuri Apaleko Eremuaren baitan hirian egin beharreko egokitzapenak kontuan hartuta, malgutasunez jokatu nahi izan du, datorrenari egokitu ahal izateko. Hala ere, 2025eko urtarrilaren 1etik indarrean beharko luketen 17 TAO eremuak, martxan jarri orduko, kontratuaren parte esanguratsu bat iragana izango da.
Nolanahi ere, aurrerantzean, orain arte baino lau TAO eremu gehiago izango dira Irunen, 14. eremua Artian, 15. Larreaundin, 16. Elizatxon eta 17. Kostorbe-Galen. Artian bizilagunek erabakiarekin atzera egin dezan eskatzeko sinadura bilketa bat abian jarri dute aurten. Baina kontratu berria loteslea da, eta Borja Olazabalek, garaiko Mugikortasun arloko zinegotziak 2024ko irailean argitu zuenez, «azken urteetan aparkatzeko arazoak izan dira Artian, Larreaundin, Elizatxon eta Kostorbe-Gal inguruan, auzotarren artean batez ere, eta egoerari aurre egiteko hartu da eremuak bertara zabaltzea». Bistan denez, «auzo elkarteekin adostuta eta bizilagun askoren eskariari erantzunez».
Auzo horietan 2.996 toki berri sortzea erabaki zuen Udalak. Horrenbestez, gaur egungo TAO eremuetako 5.141 plaza kopuruaren aldean, 8.137 TAO plaza izango dira orotara Irunen; 1.247 urdin, 6.487 berde, 23 gorri eta egoiliarrentzako 380 zuri.
Araupeko ordutegi berriak
Salbuespen batzuk izango dira ordutegien aldetik, baina oro har 19:30 ala 20:00etan amaitzen da TAO ordutegia. Berez, 1etik 12. eremuetara araututako ordutegia astelehenetik ostiralera 9:00etatik 13:30era eta 15:30etik 20:00etara izango da. Eta larunbatetan 9:00etatik 13:30era. Udalak argitu duenez, Belaskoenea, Artia, Larreaundi, Elizatxo eta Kostorbe-Gal eremuetan, aldiz, arratsaldean 18:00ak arte ordaindu beharko da, eta larunbatetan ez da martxan izango. Eta salbuespenen artean, Behobia (7. eta 11. eremuak) eta Iparralde etorbidea (10. eremua) ordutegi jarraitua mantenduko dute, astean zazpi egunez, astelehenetik igandera 9:30etik 19:30era.
Bestalde, hiri osoan egoiliarrentzako erreserbatutako tokien kopurua ere handituko da, gaur egungo 189 plazatatik 380 lekuetara bikoiztuz. Udalak gogoratzen duenez, etxebizitza bakoitzak egoiliar txartel bakarra eskatzeko eskubidea duela.