Isuri Apaleko Eremua faseka ezartzeko «plan koherenteago» bat proposatu du Alde Zaharra-San Juan auzo elkarteak

Koldo Nausia 2025ko api. 30a, 10:38

Bidashop, Mugan, Denok Bat eta Irunbuseko (AUIF) gidariekin adostu dute proposamena, auzokideen ekarpenak jaso eta gero. Isuri Apaleko Eremua epe labur, ertain eta luzeko hiru fasetan garatzeko proposamena aurkeztu zioten Irungo Udalari martxoaren 26an. Ez dute erantzunik jaso, baina «koherenteagoa» delakoan, suposatuko duen onura baino kalte gehiago eragin aurretik, agintariei planak gelditu eta bitan pentsatzeko eskatu diete.

«Klima aldaketaren kontrako neurri gisa, Isuri Apaleko Eremuak (ZBE) Irunen suposatuko duen onura baino handiagoak izan daitezke herritarrei, komertzioari eta ostalariei eragin diezaiekeen kalteak». Hala pentsatzen du Alde Zaharra-San Juan auzo elkarteak, Irungo Udalak azken urteetan daraman prozesua gelditu eta bitan aztertzea beharrezkoa ikusten du. «Ez gaude ZBEren kontra, baina errealitate sozial eta ekonomikoari egokituta, eta hiritarra ahalik eta gutxien kaltetu egin behar da», aldarrikatzen du Koldo Susperregi auzo elkarteko kideak; 

Madrilgo gobernutik eta Europar Batasunetik agindutako epeak Irunen bete ez diren bitartean, Donostian, Bilbon edo Iruñean ZBE guneekin aurrera egin dute, baina oraindik ere ez dago argi zer eta nola indarrean ezarriko duten. Irungo Udala «geldirik dagoela eta planak ezkutatzen» dituela pentsatzen dute auzokideek. Horrenbestez, azken hilabeteetan hainbat bilera irekietan, proposamenak jaso eta eztabaidatu ondoren, Bidashop eta Mugan merkatarien elkartea, eta Denok Bat ostalarien elkarteaz gain, AUIFeko Irunbuseko gidariekin adostutako proposamen zehatz bat aurkeztu diote auzokideek udalari joan den martxoaren 26an.

Koldo Susperregik salatu duenez, ez dute oraindik erantzunik jaso. Baina udal agintariei, herritarren ekarpenak aintzat har ditzatela eskatu diete, denon hobe beharrez. «Beraiek plan bat dute, baina gauzak ez dira horrela egiten, aurretik galdetu behar zaie eremuan bizi direnei, garraiolariei, komertziante eta ostalariei, eta hori ez dute egin, auzokideak kezkatuak daude ez dakitela zer arraio egingo duen udalak eta nola eragingo dien», kexu da Susperregi, Isuri Apaleko Eremuaren ondorioak ez ezik, «martxan jartzeko egin beharreko inbertsioa handia dela kontuan hartuta, obrak egin, kamarak eta panelak jarri beharko dituzte, eta gero ez bada egokia nora doa diru hori?», galdetzen du. Horregatik, auzo elkartetik egin duten faseka eremua zabaltzen joateko proposamena «malgua eta egokia» dela uste dute.

Hiru fase ZBE piskanaka ezartzeko

Epe labur, ertain eta luizeko hiru fase aurreikusten ditu haien proposamenak. Froga pilotu batekin hasiko lirateke Alde Zaharra inguruan, TAO egokituz eta aparkalekuetan egoiliarrei lehentasuna emateaz gain, funtzionamendua hobea izateko eta hobekuntzak egiteko jarraipena egin beharra dago haien ustez. Hirugarren fase batean Isuri Apaleko Eremua zabalduko lukete udalak planteatzen duen handitasunean, baina Colon pasealekua hiriko trafikoaren arteria nagusia den heinean, hau itxi ahal izateko aurretik bigarren fasean exijitzen dituzten neurriak hartu beharko lirateke. «Trafikoa hiri-erdigunetik kendu behar baldin baduzu, alternatiba egokia eman behar duzu, baina ez dirudi konturatzen direnik pertsona asko kaltetu ditzakeela», dio auzo elkarteko kideak, «banatzaile bati zer esango diozu B etiketa duen furgoneta saldu eta elektriko bat erosteko?».

Proposamenean aurkeztutako alternatibak eta hartu beharreko neurriak zehatzak dira: Irungo Hegoaldeko Saihesbidea eta GI-636 errepidea hobetu eta osatzea, Irun osoa inguratu ahal izateko eta auzoetara iristeko, eta garraio publikoaren aldeko apustu irmoa. «Baina hori ez da autobus elektriko berriak eta politak jartzea eta kito, leku guztietara iristeko balio izatea baizik, lanera joan behar duenak bestela kotxea behar du», azpimarratzen du Koldo Susperregik. Auzo elkartearen ustez, udalari luzatu dioten proposamena «koherentea» da, eta «udalak inposatu nahi duenarekin alderatuta, kalte egiten duena baino askoz ere jende gehiagori egingo dio mesede».

Hala ere, egin duten proposamena ez da eztabaidaezina. Eta Irungo gainerako auzo elkarte, eragile eta hiritarrek egin ditzaketen ekarpenak, edota proposamenari buruzko zalantzak argitzeko aldezaharrasanjuan@gmail.com posta elektronikora idazteko animatu dituzte.