Terma erromatarrek bisitarien emaria hirukoiztu dute Oiasso Museoan

Antxeta Irratia 2025ko api. 30a, 09:16

Inoizko Aste Santurik onena egin du Oiasso Museoak terma erromatarrek sortutako ikusminaren bultzadari esker. Apirilaren 17tik 27ra 1.542 bisitari jaso zituzten, iazko datuak hirukoiztuz, eta 2019ko markarik onena (819) ia bikoiztuz. Antolatutako tailer eta bisita gidatuetan %75eko okupazioa izan dute opor egun horietan. Maiatzaren 1ean museoa eta termen aztarnategia irekita mantenduko dute.

 

Terma erromaten irekierarekin Oiasso Museoak jauzi kualitatibo bat eman du. Ikusmin handia piztu duen proiektua izanik, erromatar historiaren zaleak eta turistak erakartzeko ez ezik, 2006an ateak ireki zituenetik bisita egin duten tokiko milaka herritarrek, Oiasso berriz deskubritzeko erreklamu galanta dira termak.

Alde horretatik, museoak iaz, termen irekieraren atariko urtean 38.634 bisitari jaso zituen, 2023an baino %19 gehiago. 2006an ireki zeneko datuak berdintzea lortu zuen, eta terma erromatarren irekierak sorrarazi duen ikusminari esker, marka guztiak apurtzea aurreikusten dute. Apirilaren 11n estreinatu zituzten, eta Aste Santuan izan dute hori frogatzeko aurreneko aukera. Irungo Udalak jakinarazi duenez, Oiasso Museoak bere bisitari zifrarik onena egin du Aste Santuan. Apirilaren 17tik 27ra 1.542 bisitari jaso dituzte, pasa den urtean baino %179 gehiago. Eta bere historian 2019an egindako markarik onena (819 pertsona) ia bikoiztuz. 

Era berean, opor egun horietatik kanpo ere, termen inaugurazioaren asteburuan antolatutako ate irekietan, apirilaren 12an eta 13an, 1.734 bisitari jaso zituztela nabarmendu dute. 

Nuria Alzagak, Kultura zinegotziak museoak Irun eskaintza turistiko erakargarri bezala kokatzeko termak suposatzen dutena azpimarratu du. «Lehen mailako ondare historiko eta kulturala den heinean, museoa lurraldeko erromatar historiaren erreferentea bilakatu da», dio udal ordezkariak. Izan ere, bisitarien jatorriari dagokienez, turisten eta bertakoen interesa pizten duen museoa da. Aste Santuko bisitarien %56 lurraldekoak izan diren bitartean, 470 lagun, hirutik bat, irundarrak izan direla nabarmendu du. Eta antolatutako tailer eta bisita gidatuen %60an plaza guztiak agortu diren bitartean, oro har erreserbak %75 batean bete dira. Bestalde, estatuko bisitarien kopuruak %30 egin du gora.

Maiatzaren 1ean irekita

Udalak aurreratu duenez, datorren zubian ere bisitariak espero dituzte. Eta maiatzaren 1ean, Oiasso museoa eta termak irekitak egongo dira 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etarako ordutegian. Museoko eta termen aztarnalekuko bisita gidatuak eskainiko dituzte, gazteleraz 11:00etan eta euskaraz 12:30ean. Gogoratu sarrera 5,75 eurokoa dela helduentzat, eta 7-14 urtekoek prezio murriztua daukatela, 4 eurotan. Sarrerak museoko harreran edota internet bidez erreserba daitezke.