Nazioartean eta bizitzan esperientziaren zakua bete, eta atzerriko hizkuntzak muxu truk praktikatzeko aukera ematen duen Erasmus+ programarekin bat egin du Txingudi BHI ikastetxeak 2027 urtea arte. Europar Batasunak diruz lagunduta, iaz irakasleen mugikortasuna landu zuten lehenik, elkar truke programa hau burutzeko Txingudi Ikastolaren kontraparte izango ziren Europako beste herrialdeetako hezkuntza zentroetara bisitak eginez. Behin harremana eginda, ikasleen elkar trukea antolatu dute aurten aurreneko aldiz.
Orotara Txingudiko 25 ikaslek parte hartu dute programan aurten. Frantseseko 4. DBHko ikasleek Bretainiako Ploemeur herrira bidaiatuko dute maiatzaren 19an, aurretik ikasle bretoiak haien etxeetan jaso ondoren. Ingeleseko ikasleak, aldiz, Estoniako Tallinn ezagutu zuten martxoan, eta maiatzaren 5az geroztik 14 ikasle estoniarren bisita jaso dute haien etxe eta familietan, eta Txingudi BHI ikastetxean ere. «Iaz kontatu ziguten ikasturte honetan aukera hau izango genuela, eta ez nuen bitan pentsatu, hasieratik izan nuen argi parte hartu nahi nuela, sekulako aukera delako», azpimarratzen du ikasleetako batek.
Haatik, aurretik Antxeta Irratian jaso genituen Txingudi Ikastolako ingeleseko ikasleen eta estoniarren espedizioa. Euskal Herrian eman dituzten lehen orduak nola pasa dituzten kontatu digute, eta ingelesez azaldu digute haiek ere lehen aldia zutela halako elkar truke batean parte hartzen, eta ilusio handiz hartu dutela. «Estonian ilusio handia egin zigun gure kultura eta herria erakustea, eta oso pozik gaude Euskal Herrian», familien harrera ere ezin hobea izan dela nabarmendu dute, eta kultura berri bat ezagutzeko aukera paregabea dela. Askok ez zuten Euskal Herriaren berririk orain artean.
Txingudiko ikasleek ere, Estoniara egindako bidaiaren esperientzia kontatu digute. Eta haien elkar trukeko ikaslea dagoeneko ezagutzen dutela, «lehen urduritasunak alde batera utzita», gogo handiz prestatu dute haien bisita. «Martxoan bueltatu ginen mementotik hasi ginen pentsatzen zer eta nola antolatu», azaldu digute, eta estoniarren kasuan gaztelera praktikatzeko helburuarekin badatoz ere, Irun, Hendaia eta Hondarribia ez ezik, euskal kultura ezagut dezaten bisita prestatu dietela kontatu digute Txingudi Ikastolako ikasleek. Talde handia da, eta logistikak ahalbidetzen dien heinean, Iparralde ezagutzeko irteera, Irun ezagutzeko ginkana bat, Jaizkibel mendian ibilaldia eta Donostiako Mitologik ihes-jokoa egitera txangoa ere programatu dute.