Epaiak dio 2001ean Sorzabalek gutun baten bidez egin zuen autoinkulpazioa «tratu txarren ondorioa» izan zela, eta, beraz, «zuzenbideari begira baliogabea» dela bere burua erruduntzat jo izana. Aiert Larrarte defentsa abokatuak azaldu du, ez duela halako epairik ezagutu Espainiako Auzitegi Nazionalean ibilitako urte luzeetan, eta aurrekari bat izan daitekeela. Izan ere, tratu txarrak epai batean hitz horiekin aitortzen diren lehen aldia da. Zehazki, aurreneko aldia, epaile batek Guardia Zibilak preso bati elektrodoak jarri eta torturatu duela aitortzen duela.
Oroitarazi beharra dago, beste atxilotu batek deklarazio batean haren izena esan ondoren hasi zela bere kontrako prozesua. Bost egunez eduki zuten inkomunikatuta, eta gero bost hilabete egin zituen espetxean, aske utzi zuten arte. Orduan egindako deklarazioetan eta Sorzabalek kartzelatik idatzitako gutun batean oinarrituta epaitu zuten Madrilen. Baina gutunaren parte bat besterik ez zuten aintzat hartu, autoinkulpazioarena.
Bertan azaltzen zituen torturak ez baitzituzten kontutan hartu. Beraz, Espainiako Auzitegi Nazionalak torturapean egindako autoinkulpazio batean oinarrituta epaitu du Sorzabal. Hamabi urteko kartzela zigorra eskatu du fiskalak haren aurka, 1995ean Irunen lehergailu bat jarrita egindako atentatu bat egotzita. Sorzabalek epaiketan esan zuen 2001ean atxilotu orduko inkomunikatu eta «bortizki» torturatzen hasi zirela Hernanin.
Iratxeren Bidasoaldeko Lagunak taldeak aurrekari historikotzat jo du epaia. «Ezustekoan harrapatu gaitu, dena den, Euskal Herrian jende askok pairatu dituen bezala badakigu tortura sistematikoa izan dela, eta ez genuen epaileak hori berretsi beharrik jakiteko Iratxe torturatua izan zela. Hala ere, historikoa da», azpimarratu du Kima Arzuagak, Iratxeren lagunak.
Orain abokatuek sententzia ondo irakurri beharko dutela pentsatzen dute, eta akusazioak epaia errekurritzeko 5 eguneko epea badu ere, «hain argi utzi du epaileak torturak eman zirela» ez dutela hori gertatuko denik uste. Bitartean, «Iratxeri eta torturatuak izan diren guztiei babesa eman, eta zarata egin beharra dago hau salatzeko», dio Kimak, «ezin dugu ezer onik espero Madriletik, eta hau aitortu bada izan da eskandalagarria zelako eta proba argiak zeudelako».
Izan ere, Fernando Andreu epaileak dio zalantzarik ez dagoela zaintzen zuten funtzionarioek elektrodoak jarri zizkiotela, eta Iratxek bere buruaren kontrako deklarazioa egin zezan helburu zutela. Atxiloaldian gertatu ziren tortura horiek, eta «akusatuaren oinarrizko eskubideak urratu egin zirela dio epaileak, eta azpimarratu du «proba fisikoak eta psikologikoak bat datozela tortura alegazioekin».
Hala ere, Irungo atentatuarekin lotutako akusazioarena ez da Sorzabalen aurtengo lehen absoluzioa. Apirilaren 4an ere, errugabea zela erabaki zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak, Alacanteko (Herrialde Katalanak) aireportuan jarritako lehergailu bati lotutako auzian. Dena den, Iratxek hiru auzi zituen irekiak Espainian, eta 24 urteko kartzela zigorra bere horretan mantentzen da, zigorra torturapean egindako autoinkulpazio horretan oinarrituta badago ere. Bestalde, Espainiak Frantziari eskatutako beste Euroagindu baten esperoan dago oraindik.
Argitu dutenez, Frantziak informazio gehiago eskatu dio Espainiari, eta pentsatzeko da epai honek eragina izango duela. «Kontutan hartuko dutela espero dugu, eta Iratxe Auzitegi Nazionalean berriz epaitua izan ez dadila gehiago», argitu dute.