Dena prest dute Irungo Sagardo Eguna berriz ospatzeko

Antxeta Irratia 2025ko mai. 9a, 15:39

Sagardozaleei 17:30ean txartelen eta edalontzien bila pasatzen hasteko deia luzatu diete Taupadak GKE, Antxeta Irratia eta Betti Gotti elkarte antolatzaileek. Hamar sagardotegi izango dira aurten, eta hamar euroen truke denak probatzeko eta pintxo bat dastatzeko aukera emango dute. 18:00etan txotx irekiera egingo dute, eta 21:00etan plaza hustuko dute, Los Trankilos taldearen eskutik Urdanibia eta San Juan plaza inguruko ostatuak girotuz.

Dena prest dute Irunen, larunbata honetan Sagardo Eguna ospatzeko. Iaz kale egin ondoren, Urdanibia plazara itzuliko da bihar irundar askorentzat agendan gorriz markatutako udaberriko hitzordua. Taupadak GKEak iaz antolatzeko zailtasunen aurrean bertan behera utzi ondoren, bidelagun berriak aurkitu ditu aurten Sagardo Eguna berreskuratzeko. Hala, Antxeta Irratia eta Betti Gotti euskara elkartearen laguntzarekin, 27. edizioa ospatuko dute bihar. Haiekin batera, plaza inguruko eta Irungo Alde Zaharreko hamaika elkarte gastronomiko, kultur eta kirol elkartek bat egingo dute, urtero bezala, sagardoarekin batera banatuko diren 3.000 pintxoak prestatzeko ere. Joxeja Zabalo, Betti Gotti elkarteko ordezkariak, hain justu, Sagardo Egunak elkarteen arteko lankidetza bultzatu eta saretzeko duen gaitasuna azpimarratu du. 

Garrantzitsuena, aldiz, sagardoa da. Eta nahi adina baina neurrian egongo da plazako postuetan. Gipuzkoako bederatzi sagardotegi eta Nafarroko bat izanen dira bertan: Ola (Irun), Linddurenborda (Lesaka), Ordozelai (Oiartzun), Egiluze (Errenteria-Orereta), Alorrenea (Astigarraga), Gurutzeta (Astigarraga), Petritegi (Astigarraga), Altuna (Hernani), Larre Gain (Hernani) eta Rufino (Hernani).

Hamar euroren truke, basoa, pintxo bat eta hamar txotx egiteko txartelak emanen dizkiete sagardo zaleei, sagarno guztiei txotx egiteko moduan. Argitu dute pintxo gehiago nahi izanez gero txartel gehiago eskuratzerik izanen dela, izan ere 3.000 pintxo prestatuko dituzte Irungo hamaika elkartek.

Txotx irekiera arratsaldeko 18:00tan izanen bada, lehentxeago bertaratzeko deia egin dute, basoa lortu eta hasiera ordurako sagardoa dastatzen egon ahal izateko. Ondotik, 21:00ak arte aritzen ahalko da edanean, eta ordu horretan Los Trankilos taldea animazioan hasiko da, Urdanibia plaza hustu eta inguruko tabernak girotuz. Gau giroa gauerdirarte bermatuko dute hauek, bai Urdanibia plaza inguruan, baita San Juan plazan ere.