Guardia Zibilak Iratxe Sorzabal torturatu zuela frogatuta, «salaketa irmoa, egia eta justizia osoa» exijitu dute

Antxeta Irratia 2025ko mai. 12a, 10:13

Torturak epaitegi penal baten aldetik egiaztatu ondoren, Euskal Herriko erakundeen «salaketa irmoa, egia eta justizia osoa» exijitu dute Egiari Zor Fundazioak eta Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiak. Auzitegi Nazionalaren epaia «historikotzat» jo dute, baina tentuz jokatzeko eskatu du abokatuak, «puntuala» izan daitekeela. Aldi berean, erantzukizunak argitzeko estatuko zein nazioarteko epaitegietara jotzeko aukera aztertzen ari dira.

Egiari Zor Fundazioak eta Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiak baieztapen argi batekin agertu dira larunbatean Donostian egindako agerraldian: Iratxe Sorzabal irundarra torturatua izan zela. Auzitegi Nazionalak ostegunean ebatzi zuen 2001ean Guardia Zibilak elektrodoak jarri eta torturatu zuela, eta euskal preso irundarra absolbitu eta torturak frogatutzat jo dituenez, epai hau «historikotzat» jo dute, sistema judizialeko hutsuneak ere agerian utzita.

Orain, egia eta justizia osoa exijitzen dute, baita erantzukizunak argitzea ere. Abokatu Aiert Larralderen hitzetan, epaiak ez du oraindik ondorio juridiko zuzenik, baina bide berriak zabaltzen ditu. «Behin esan dute torturatua izan dela, eta zergatik ez dute bigarren aldiz esango?». Halere, uste du tentuz jokatu behar dela, Auzitegi Nazionalean gertatzen dena «misterio» bat delako, eta ebazpen hau «puntuala» izan daitekeelako. Gogoratu du Sorzabalek salaketa bat jarri zuela tortura horiengatik, eta orduan ebatzi zutela halakorik ez zela gertatu.

Halere, abokatuak adierazi du lanean jarraituko dutela tortura kasuak azaleratzeko, baina gehitu du ez duela bere burua engainatu nahi: «Ez dakigu Iratxerentzat ere zer ondorio ekarriko dituen honek. Ondorio automatikorik ez da egongo; borrokatu egin beharko dugu».

Pilar Garaialdek (Egiari Zor) sententziaren garrantzia azpimarratu du: «historiakoa da, irmoa eta argia, tortura frogatutzat ematen duelako». Orain, aldiz, Euskal Herriko erakundeen erantzun irmoa espero dutela azpimarratu du. 

Giza Eskubideen Behatokiaren izenean Iratxe Urizarrek azpimarratu du Espainiako Estatuak ez duela oraindik inolako erreakziorik izan, eta hori «onartezina» dela. «Ulergaitza da, Sorzabalen aurkako torturak epaitegi penal baten aldetik egiaztatuak izan direnean, inpunitate edo zigorgabetasunaren belo bat zabaltzea», adierazi du. Alde horretatik, torturatzaileak identifikatuta daudela esan dute, eta salaketa bideak aztertzen ari dira, estatuko zein nazioarteko epaitegietan.

Hala ere, 2001ean torturatu zuten Sorzabal, eta Espainiako justiziak ebatzi izan du tortura delituak hogei urteko epean preskribatzen direla, nahiz eta nazioarteko legediak adierazi horiek gizateriaren kontrako krimen bat direla, eta, ondorioz, preskribaezinak. Hain zuzen, nazioarteko legediari erreparatuta, Urizarrek adierazi du preskripzio epe horiek apurtu beharko liratekeela.