Sagardo Egunaren itzulera ospatu zuten Irunen larunbatean

Antxeta Irratia 2025ko mai. 12a, 10:45

Irungo herria festa gosez eta sagardo egarriz dabilela erakutsi zuen larunbatean, Urdanibia plazan ospatutako 27. Sagardo Egunean. Euri erauntsiengatik alerta horia iragarria zen, eta 18:00etan txotx irekiera egin ondoren zaparrada bota bazuen ere, ondoren atertu eta eguraldiak ez zuen Sagardo Egunaren itzulera zapuztu.

Giro onean pasa zen eta milaka lagun bildu ziren plazan 21:00ak arte, baita antolatzaileek inguruko ostalariei keinu bat eginez antolatutako Los Trankilos taldearen animazioarekin ere, Urdanibia eta San Juan plazako ostatuetan. Joan den urteko etenaldiaren ondotik, Taupadak GKEak hitzordua berreskuratzea lortu du aurten, Antxeta Irratia eta Betti Gotti elkarteen laguntzarekin. Jokin Melida, Taupadak-eko ordezkariak nabarmendu duenez, «giharre asko behar da eta jende askoren lana halako zerbait antolatzeko», eta antolakuntzara batu diren bi eragileez gain, Irungo kultur eta elkarte gastronomiko askoren betiko inplikazioari esker eraman ahal izan da aurrera. «Hori da gorde nahi izan dugun filosofia, denon arteko elkarlanarena», azpimarratu du. 

Eguraldiari so, baina irundarrek plaza bete zuten Sagardo Egunaren itzuleran.

Alde horretatik, nahi adina sagardo baina neurrian edan ahal izan zuten irundarrek larunbatean Urdanibia plazan. Gipuzkoako bederatzi sagardotegi eta Nafarroko bat izan dira aurten, eta edalontzia eta pintxoarekin batera, 10 euroen truke denak probatzeko aukera eman dute. Ola (Irun), Linddurenborda (Lesaka), Ordozelai (Oiartzun), Egiluze (Errenteria-Orereta), Alorrenea (Astigarraga), Gurutzeta (Astigarraga), Petritegi (Astigarraga), Altuna (Hernani), Larre Gain (Hernani) eta Rufino (Hernani). Hauek zerbitzatzen, aldiz, Irungo Motor Elkartea, Txingudi Rugby Kluba, Irungo Euskal Kirolak, Nabartenea, Alde Zaharra-San Juan auzo elkartea, Aialdean, Erlaitz mendi elkartea, Antiguos Alumnos de La Salle, Kurpil Kirolak, Bidasoako EKT eta Jostailu elkarteetako boluntarioak aritu ziren lanean arratsalde osoa.

Aurten Sagardo Eguna berreskuratzea izan dute helburu. Baina antolatzaileek iragarri dutenez, datorren urtera begira kulturaz hornitu nahi dute hitzordua. 

Sagardo eta txotx gehiago

Bestalde, Hendaiako Sagarno Eguna maiatzaren 31n ospatuko dute. Bien bitartean, heldu den maiatzaren 18an SAGARFEST antolatu dute Irungo SAGARREK proiektuaren eramaileek Meakako bere sagasti berria aurkezteko. Iaz Olaberria auzoko Aranburu baserriaren ondoan dauzkaten lurretan ospatu zuten. Eta sagardotarako euskal sagarra ekologikoan ekoizten duen proiektu gazteak, lehen sektorea eta euskal sagarra balioan jarri nahian, tokiko ekoizleen azokatxoa antolatu du BordaTxiki jatetxearen atzealdean aurten lantzen hasi diren lursail berrian. Hitzordua goizeko 10:00etan izango da hurrengo igandean. Eta bertan bisita egin ostean, Ola sagardotegira hurbilduko dira txotx egitera Auntxa Trikitixa Eskolakoekin batera.