Udalak eskainitako zirrikituari eutsiko dio Aski Da! kolektiboak Irungo Euskara Plana hobetzen saiatzeko

Antxeta Irratia 2025ko mai. 12a, 13:33

Kolektiboak elkarlanerako deia luzatu zion Irungo Udalari otsailean, eta honek dagoeneko egina zuen 2025-2029 urtaldirako Euskara Planari ekarpenak egiteko partaidetza prozesu azkar bat proposatu du Iosu Iguiñiz Euskara zinegotziak. Kolektiboaren hasierako eskaerak asetzen ez dituen arren, udalak hizkuntza politikan «irekidura ariketa nabarmena» egin duela baloratu dute Aski Da! kolektiboko kideek. Bertan parte hartuko dute, baina prozesuak emango duenaren zain, balorazioak hau bukatutakoan egingo dituzte.

Aski Da! Irunen bizi nahi dugu kolektiboak udal agintarien hainbat konpromiso lortu zituen joan den otsailaren 12an egindako aurreneko bileran. 2024ko abenduaren 4an gabonetako argiak pizteko ekitaldia erdara hutsez egin izanak irundarrak asaldatu zituen, eta gabonetako txinparta hartatik hona, kolektiboko kideek udalak antolatutako hainbat Euskara Aholku Batzordetan parte hartu dute. 

Kolektiboa lanean jarraitzen duela gogoratu dute, eta erne. «Euskarak udalaren partetik historikoki jasan duen trataera eta begirune falta aldatu nahian», eta Euskara Plan Estrategiko berria modu «parte-hartzailean eta elkarlanetik» lantzeko proposamena luzatu zion kolektiboak udalari otsailean egindako bileran. Eta euskararen normalizazioari dagokionez, udal ordenantza bete dadin ere exijitu egin diotela azpimarratu du kolektiboak. Kezkaturik azaldu dira 2025 honetan «hainbat arau-hauste identifikatu» dituztelako, eta udalak bere jardunean «oraindik ere hutsune handiak» dituela azpimarratu dute euskalgintzako eragileak, Irungo eskola publikoetako guraso, auzo elkarte, kultur, sozial eta kirol arloko 40 elkarte biltzen dituen kolektiboak.

Udalaren jarrera aldaketa

Hala eta guztiz ere, Aski Da! kolektiboak baikorki baloratzen du hilabeteotan Euskara arloko zinegotzi Iosu Iguiñizek eragileen kezkak eta nahiak bideratzeko agertu duen «prestutasuna eta konpromisoa». Argitu dutenez, udal ordezkariak euskal eragileen ekarpenak jaso ahal izateko «udalak aurreikusia ez zuen partaidetza prozesu bat abian jarri du maiatza honetan, dagoeneko egina dagoen plana hobetzeko aukera eman asmoz». Argi utzi dute proposamen honek ez dituela Aski Da! kolektiboak hasieran egindako eskaerak asetzen, baina «Irungo Udalaren hizkuntza politikaren garapenean inoiz egin ez duen urratsa eman duela» aitortzen dute, eta horregatik parte hartzeko erabakia hartu dutela. 

Aski Da! kolektiboak dio «eraikigarriak diren prozesuetan elkarlanean aritzeko borondate osoa» mantentzen dutela, baina udalak proposatu dien egutegia dela eta, eragileetako boluntarioek maiatzaren 12, 19, 26 eta ekainaren 9an aurrera eramango diren partaidetza saioetan parte hartzeko estu eta larri ibiliko direla. Hala ere, eman dezakeenaren balorazioa, prozesua amaitutakoan egingo dutela eta ez lehenago.

Ohartarazi nahi izan dute, aldi berean, eragileen ekarpenak «aintzat hartuko dituen Euskara Plana izango bada ere, plana bera ez dela inolaz ere oinarrian prozesu parte-hartzaile oso baten emaitza izango». Dena den, kolektiboaren ustez, «aurrerapauso nabarmena da» udalak eman duena oraingo honetan. «Behingoz euskararen egoera zuzentzeko tokiko administrazioek herritar eta eragileekin elkarlana ezinbestekoa duela ohartu da udala», adierazi dute plazaratu duten azken oharrean.

Ildo berean, orain abiatzen den partaidetza prozesuan landuko duten AROA Euskara Plan berria 2025-2029 urtaldirako bada ere, «aurrerantzean honen garapena zein etorkizuneko plangintza berrien lanketarako ere, udalak hilabeteotan agertu duen borondate berria, horretan gera ez dadin» eskatu dute.