Sanmartzialetako kontzertuetako kartelburuak aurkeztu zituen Irungo Udalak joan den martxoan. Baina Fangoria, Sune edo Gatibu bezalako izen handien eskaintza borobilduko duen eskaintza musikal osoa aurkeztu dute aste honetan. Nuria Alzaga, Kultura arloko zinegotziak azpimarratu duenez, «adin, gustu eta espazio ezberdinetarako programazioa» ondu dute, eta San Juan eta Urdanbia plazako agertoki nagusiez gain, aurreko urteetan arrakasta lortu duen Gaztegunea ere izango da aurten Santiagoko frontoian. Bertan, Kiliki, Fane eta Maria Escarmiento izango dira emanaldi ezagunenak, ekainaren 26an, 27an eta 28an.
Ordurako, jaiak erritmoa hartua izango dute. Izan ere, ekainaren 13an Puro Relajo taldearekin hasiko dira festak San Juan plazan. Eta ekainaren 14an, bertan Fangoriak emango duen kontzertuaren aurretik motorrak berotzeko, Txaranga Eguna antolatu dute hiriko kaleak girotzeko. Erdiguneko kaleetan ibiliko direla argitu dute, eta Burrunba Elektrotxarangak bere hamargarren urteurrena ospatzeaz gain, Rockalean ekimena ere egingo dute, Joselontxos, Mogunbo eta Jaiak taldeekin. Alaska abeslari ospetsuaren kontzertuak borobilduko du eguna. Udalak gaur bertan Gobernu Batzordean onartu du Fangoria S.L enpresari kontratazio honen esleipena, 84.700 euroko gastuarekin.
Bestalde, Produlam, SLri 31.460 euro, Promociones musicales Get In, SLUri 30.250 euro, eta T&T Concerts, SLri beste 36.300 euroko kontratuak esleitu berri dizkio ere, San Pedro eta San Martzial jaietako kontzertu programak Fangoria baino askoz ere gehiago ekarriko baitu.
Musikaren Eguna ere antolatu du Lotura elkarteak ekainaren 20ean. Bertako Iñaki Garciak argitu duenez, musika elektronikoari eta tokiko artistei lekua emango die ekimen honek hiru agertoki ezberdinetan. Peña kalean, Reparation Sound talde irundarrak arratsaldea girotuko duen bitartean, Ospitale Zaharraren pareko lorategietan Ultralagrima eta Dame Areak joko dute segidan. Eta behin hau bukatutakoan, Urdanibia plazako oholtzara igoko dira Mainline, Magic Orchestra, Jass eta Toccororo musika jartzaileak.
Azken urteetan Irungo Udalak hiriko musika taldeei ikusgarritasuna eta aukera bat eman nahi izan die jaietan. Eta iaz bezala, euskal musika taldeen telonero lanetan ariko dira, aldez aurretik udalak antolatutako bozketa herritar batek erabakitako taldeak. Ekainaren 21ean, Sune eta Zirkinik Bez taldeen aurretik, Onavibe taldea ariko da. Eta ekainaren 23an, Gatiburen aurretik Dekliberen txanda izango da.
Bestalde, ekainaren 28an, larunbata, Judelineren kontzertua izango da Urdanibia plazan, eta San Juan plazan Jamaica Show. Eta ekainak 30an Diskofesta batekin borobilduko dute Urdanibia plazan bertan.