Borja Olazabal: «Isuri Gutxiko Eremuaren perimetroa zehaztu dugu baina ez dago ezer erabakita, arautzea falta da»

Koldo Nausia 2025ko mai. 16a, 12:21

Isuri Gutxiko Eremua (ZBE) zein izango den jakitera eman du Irungo Udalak gaur. Hala ere, debekuak eta salbuespenak arautuko dituen udal ordenantza garatzen hasiko dira orain, eta horretarako, maiatzaren 28an partaidetza saio bikoitza proposatu dute Palmera Montero gunean hunkitutako ostalari, merkatari, auzo elkarte eta kolektiboekin. Urte bukaerarako araua onartuta nahi dute, eta Irungo ZBE progresiboki aplikatu nahi du udalak 2030 urtera arte malgutasunez jokatuz.

 

2029ko abenduaren 31 arte doan lehen fase batekin eta modu progresiboan aplikatu nahi du Irungo Udalak orain garatuko duen Isuri Gutxiko Eremuaren (ZBE) udal ordenantza berria. Arautegi horrek zehaztuko ditu debekuak eta salbuespenak, eta 2030etik aurrera murrizketak zorrotzagoak izango dira. 50.000 biztanle baino gehiagoko udalerria denez, Irungo Udala hau martxan jartzera behartuta dago. Baina udal ordezkariek aitortu dute «inguruko hiriekin alderatuta Irun atzeratuta dabilela». Dena den, espainiar estatu mailan ikusi izan diren arazo juridikoak saihestu ahal izango ditu horrela Irungo Udalak, eta «korrika baino, neurri egokienak» hartzeko lanean ari direla diote.

Hala ere, mementoz, balizko debekuen perimetroaren nondik norakoa erabaki du udalak. Dunboako kanala batetik, Irungo GI-636 eta Hegoaldeko saihesbideak, eta trenbideak mugatutako eremua izango da, Colon-Nafarroa hiribideak eta Gipuzkoa-Iparralde etorbideak ardatz hartuta.

Perimetroa besterik ez

Alde horretatik, Irungo Isuri Gutxiko Eremuak herritarren jakin-mina eta kezka sorrarazi badu ere, «udal ordenantza ez dagoen bitartean, dena erabakitzeko» dagoela argitu du Borja Olazabal  Garapen Jasangarrirako ordezkariak, beraz, lasaitasuna eskatu nahi izan die irundarrei, «Irungo ZBEren aurka ezin delako egon, oraindik ere existitzen ez delako, eta herritarren parte-hartzearekin erabakiko direlako neurriak».

Irungo Udalak zehaztu duen Isuri Gutxiko Eremuaren aplikazio perimetroan irundarren %22,4 bizi da.

Horretarako, maiatzaren 28an, partaidetza saio bikoitza proposatu du udalak Palmera Montero gunean. Bertan, hunkitutako ostalari, merkatari, auzo elkarte eta kolektibo ezberdinek ekarpenak egin ahal izango dituzte. Hala ere, urte bukaerarako araua onartu eta Irungo ZBE progresiboki aplikatu nahi dutela iragarri dute. 

Aldatuko ez dena, aldiz, gaur aurkeztu duten ZBE eremuaren perimetroa izango da. Sergio Javier Hiri Garapen eta Mugikortasun Jasangarrirako zinegotziak aditzera eman duenez, «aurrerantzean zabaldu daiteke, baina ez da txikiagoa izango». Izan ere, azken bi urteetan lanketa sakona egin du udalak perimetroa erabakitzeko. Borja Olazabal, Garapen Jasangarrirako ordezkariak gogoratu du, 2024ko maiatzaren 9tik 2025eko maiatzaren 8ra bitartean eginiko hiriguneko airearen kutsadura neurketak ez ezik, trafikoaren joan-etorriak eta erdiguneko zirkulazioaren murrizketek komertzio eta ostalaritza guneetan eragin ditzakeen ondorioak aztertu dituztela. «Analisi sakona egin dugu, eta oinezkoentzat hiri bat bultzatzeko helburuarekin, oinarri sendo batekin hartu dugu erabakia», azpimarratu du Olazabalek.

Horregatik ere, malgu jokatu dute Isuri Gutxiko Eremuaren muga fisikoekin, eta kanpotik datorren trafikoak eremua inguratzeko aukera ukan dezan bermatzeko, zenbait kale debekuen eremutik kanpo utzi dituzte. «Aduana kalea libre utzi dugu, Colon pasealekura sartzen denak horma bat topa ez dezan, eta Elitxuko biribilgunetik Euskal Herria hiribidetik Hegoaldeko saihesbidera batetik, edo Belaskoeneara bestetik joan ahal izateko», argitu du udal ordezkariak, «Dolores Salis hiribidea eta Eguzkitza kalearekin ere berdin jokatu dugu, Arbes-Larreaundi auzunetan, Palmera Montero inguruko bizilagun guztiek saihesbide batera edo bestera sarbidea eduki dezaten». 

ZBEren eragin gunea Irunen

Udal ordezkariek azaldu dutenez, Irungo Isuri Gutxiko Eremuaren barruan irundarren %22,4 bizi da, 14.000 pertsona orotara. Eta eremu honetan 1.540 establezimendu komertzial eta zerbitzu identifikatu dituzte. Eremuaren peatonalizazioa haien faboretan joango dela pentsatzen du Olazabalek, «San Juan plaza inguruetan gertatu den bezala, bizi kalitatea espazioak pertsonentzat egokitzen direnean hobetzen da». Egindako azterketen arabera, Colon pasealekua, Nafarroa hiribidea eta Iparralde etorbidearen inguruetan 10.000 eta 15.000 oinezko inguru mugitzen dira egunero. Eta ZBE eremua mutur batetik bestera zeharkatu daiteke oinez 15 minututan. Era berean, garraio publikoa eta bizikleta sustatzeko neurriak hartuko dituzte. 

Dena den, «gauza asko geratzen dira zintzilik eta ia dena egiteko». Izan ere, zehaztutako perimetroaren barruko trafikoa arautuko duen udal ordenantza garatu gabe dago. Eta orain herri eragileekin landuko dituzte debekuak eta salbuespenak, eremu barruko bizilagunei nola eragingo dien edota eremu barruan dauden lur azpiko aparkalekuen erabilera, besteak beste.