Adin apaletan kirol eskaintza osoa neska eta mutilentzat eskuragarria izaten bada, nerabezaro edo gaztarora iritsi ahala mutikoentzako aukerak zabaldu eta neskentzakoak desagertzen dira oraindik ere. Eskaintza handitzen ari bada ere, emazte kirolari anitzen egunerokoa da haien diziplinan aritzeko kilometro andana egin behar izatea, maila bereko gizonek herrian bertan aukera dutelarik.
Arrakala hori desagertu nahian, hirugarren urtez Igande Sasoi eguna antolatu zuen herenegun Parean elkarte feministak Irunen, hiriko 14 kirol klubi haien proposamenak hiri erdian ikusarazteko aukera emanez.
Oihana Llorente antolatzaileak argi utzi du “oso umetatik ematen [dela] arrakala hori” eta halako ekimenekin helburu dutela “arrakala hori murriztu eta emakumeei kirolean eduki behar duten lekua hartzera gonbidatzea”.
Llorentek aipatzen duen arrakala horren ondorioetako bat, hain zuzen, emakume gazteek kirola uztea da. Muturreko ondorio hori saihestea da Parean elkartekoen helburua, baita haiekin aliatuak diren klub andanarena ere. Erroibide saskibaloi taldeko jokalaria da Iratz Udaeta beratarra, saskibaloitik urrundu behar izatea ongi ezagutzen du hark: “Kirolak duen onura psikologikoa gazteei erakusteko gogoa dugu helduagoak garenok. Nik ere, beraien adina nuenean saskibaloia utzi behar izan nuen, eta beranduago berriz hartu. Horrek dakarrena kontatu behar diegu gazteei”.
Erroibide saskibaloi taldean bezala, Mariño Real Union futbol klubak ere badu puntaraino doan kirol eskaintza emazteentzat. Eta ondorio ezin hobeak ematen ditu, bigarren urtea baitute jarraian Euskal ligan mailaz igotzen. Txiki, nerabe eta gazte klub berean aritzeak erreferenteak sortzeko aukera ematen du, pozez bizi du hori Naia Gaztelumendi jokalariak: “Ardura dugu, errespetua eta hainbat balore erakutsi behar ditugu beti. Baina poz handia da neska txikientzat erreferente izatea, beraiek hemendik urte batzuetara lehen taldean jokatzeko aukera izanen dutelako”.
Ate irekiak, neska eta emakumeak kirolez busti daitezen
Aurtengo berrikuntza baina, Igande Sasoia hainbat astez luzatu eta klub parte hartzaileek ate irekiak antolatu dituztela da. Atzo Colon pasealekuan haien eskaintzaren zati bat erakutsi bazuten, ekaina bukaera arte ateak irekiak dituzte, jarduerak ezagutu eta interesa duenak izena eman dezan. Hemen kontsulta daitekeen ate irekien gidan atzemanen dituzue xehetasun guztiak.