Datorren larunbatean, maiatzak 24 (19:00etan), "Miñan" euskarazko antzezlana taularatuko dute Amaia Kultur Zentroan. Irungo Udaleko Kulturako Zerbitzuak jakinarazi duenez, antzezpena bukatutakoan, antzezlanaren aktoreekin hitz egiteko aukera izango da. Sarrerak 8,5 eurotan erso daitezke dagoeneko irun.eus atarian edo Luis Marianoko turismo bulegoan. Soberan geratuko balira, azken sarrerak Amaia KZko leihatilan salduko dituzte larunbatean bertan.
Artedramak joan den urrian estreinatutako Miñan antzerkiak arrakasta handia lortu du Euskal Herrian egiten ari den biran. Hondarribiko Itsas Etxean taularatu zuten joan den apirilaren 13an, eta Ibrahima Balderen bizipenak kontatzen dituen Amets Arzallusek idatziriko liburuan oinarritutako antzerkia Irungo Amaia KZra heltzen da orain.
Duela bost urte idatzi zuen Amets Arzallusek Ibrahimak ahoz kotatutakoa, eta Susa argitaletxearen eskutik dagoeneko 23 edizio plazaratu dituzte. Ondoren, antzerki obra bat egiteko aukera sortu zitzaien Artedrama konpainiaren eskutik. Eta joan den urrian Luhuson (Lapurdi) Harrixuri gelan estreinatu eta gero, azaroaren 3an Hendaiako Mendizolan kulturgunean taularatu zuten, eta biran ari dira Euskal Herri osotik.
Bidasotik mundura
Oihartzun haundia bildu du Miñan liburuak nazioartean migrazio baten kronika delako, 2019an Ibrahima Balde konakryatarrak eta Amets Arzallusek idatzia. Ander Lipusek ekarri du antzokira, eta egiazko istorio bat den heinean, zaila izan dela aitortu digu zuzendariak. «Aurretik ere egiazko istorioak kontatu izan ditut fikzionaturik, baina hau gai delikatua zen. Egiazkoa zelako, eta liburua jende askok irakurri eta ezagutzen duelako. Hala ere, lortu dugu muinean bilatzen genuena», dio zuzendariak.
Artedramaren eskutik oholtzara ekarri dute lan berezi hau, aurretik Timberlake estatubatuarrak ingelesezko bertsioa taularatzeko asmoaren berri jakin zutelako. Lipusek argi izan zuen hasieratik, «istorioa jatorriz euskaraz sortuta izanik, euskaraz plazaratu behar zen antzokietan ere». Amets Arzallusek berak ere ez zuen pentsatzen, antzokitaraino iristeko moduko hainbeste hari izango zituen obra zenik. «Oraindik ere harridura pittin bat ere sentitzen dugu, baina poza ekartzen du adaxka berri honek ere», dio hendaiarrak. Alde horretatik, Ibrahimaren istorioak Euskal Herri osoan zehar ez ezik, munduko txoko askotan bihotzak hunkitu ditu, «gure egunerokoan presente dugun eta gure bizitzak zeharkatzen dituen migrazioaren errealitate gordina delako».
Proposamen honekin etorri zitzaizkienean ez zuten zalantza askorik izan. Ametsek eta Ibrahimak baimena eman zuten antzerkia sortzeko. Arzallusek berak aitortu digu hurbiletik jarraitu duela antzerkiaren sorrera proiektua, baina ez duela gehiegi esku hartu nahi izan. «Galdetu zidaten eta abiapuntu batzuk eman nizkien, gero jarraitu dut prozesua, baina libertadea izan dute obra sortzeko, ni ez naiz antzerkian aditua, hori beraiek dira», argitu du.