Euskara plazatik baztertua izan da berriz Irunen, Euskaraldia izanda ere

Antxeta Irratia 2025ko mai. 26a, 10:32

Bukatu da Euskaraldia. 11 egunez euskara lehen lerrora ekarri nahi izan duen ekimena. Irunen, «euskararen kate herdoilduari olioa emateko prest» aurkeztu zuen Euskaraldiaren programazio oparoa Irungo Udalak, baina paperak dena eusten badu ere, maiatzaren 24an, Euskaraldia bete betean «udalak euskara eta euskal kultura berriz ere bigarren plano batera zokoratu» duela salatu dute hainbat eragilek.

Joan den larunbatean, 12:00etan, Txorimaloak Soinu Taldeak, Muxikoak eta Elatzeta elkarteak kantuz ibiltzekoak ziren San Juan plazan. Irungo Udaleko Euskara zerbitzutik bideratutako hitzordua bazen ere, egun berean Irungo San Juan plaza, Sarjia parkea eta Uranzu frontoia erdigune izan duen 'Crossfit Northfit Irun' txapelketa zela eta, San Juan plaza okupatua zegoela jakinarazi zieten goizeko lehen orduan antolatzaileei.

Euskaraldiaren kantu hitzordua, Kale Nagusian lehenik, eta aparkalekuaren sarreran dagoen Bidasoa plazan egiteko proposatu zien udalak azken uneko alternatiba gisa. Baina egokia ez zela, eta erdara hutsez ospatu zen kirol hitzordua euskarari inposatu zitzaionez, hitzordua bertan behera uztea erabaki zuten eragileek. Garbiñe Etxenagusia, Txorimaloak Soinu Taldeko kideak argitu duenez, «Kale Nagusia poteo gunea da, eta gure ekimeneko haurrak lurrean esertzea ez geunen egoki ikusten, eta bazter batean aritzea ezta ere». Izan ere, paperak dena eusten badu ere, «berriz ere euskara baztertua» izan dela salatu dute, eta udalaren jokamoldearekin haserre agertu dira. «Okerrena da Kirol eta Euskara arloen artean koordinazio falta egon dela, baina gerora ere ez da inongo mementotan negoziaziorik egon, kirola inposatu dute euskararen gainetik, plazatik alde egin behar duzute esan digute eta kito, eta horrek amorrua ematen digu», kexu da Garbiñe Etxenagusia.

Txorimaloak Soinu Taldeko kideak Antxeta Irratian azaldu duenez, Euskaraldiaren programazio ofizialetik hitzordua kentzeko exijitu diote udalari. Hala ere, ekitaldia haien kabuz Urdanibia Plazan ospatzea erabaki zuten, baina azoka eguna izanik, bazterreko txoko batean egin zuten. Ekitaldia antolatzeko lan handia egin dutela gogoratu dute antolatzaileek. Baina «Euskaraldi betean, haur, gazte zein helduz osatutako euskarazko ekimena udalak azken momentuan errefusatu egin du, erdara hutsez egin den kirol proba bat lehenetsita», salatu dute haserre, kirol ekitaldiaren aurkezlea gaztelaniaz baino ez baita aritu. «Haur eta helduok lan handia egin dugu prestatzen, ilusioa eta egindako lan guztia pikutara joan da», dio Etxenagusiak.

Aski Da! kolektiboaren aldarrikapenak oinarrian

Tamalez, ez da aurreneko aldia euskal eragile batek Irunen bere ekimenak aurrera ateratzeko zailtasunak dituela. Alde horretatik, euskararekiko eta euskaldunenganako Irungo Udalak duen jarrera kritikatu du Asko Da! Irunen euskaraz bizi nahi dugu kolektiboak azken hilabeteotan. Joan den abenduaren 4an gabonetako argiak pizteko ekitaldia erdara hutsez egin ondotik, 35 elkarte eta eragilek indarrak batu zituzten egoerarein asaldaturik. Kolektiboak 40 eragile biltzen ditu gaur egun, euskalgintzakoak ez ezik, auzo elkarte, kirola, kultura eta gizarte mugimenduetakoak ere. 

Orduz geroztik, udalarekin harremanetan aritu dira Euskara Aholku Batzordeetan parte hartzen, eta joan den maiatzaren 12an ekin zioten Euskara Plan Estrategiko berriari ekarpenak egiteko Irunen historian egiten den aurreneko partaidetza prozesuan parte hartzeko erabakia hartu zuten. Hilabete hasieran argitu zutenez, kolektiboaren hasierako eskaerak asetzen ez dituen arren, udalak hizkuntza politikan «irekidura ariketa nabarmena» egin duela baloratu dute Aski Da! kolektiboko kideek. Baina euskara ez ezik, euskal kultur elkarteek Irungo Udalaren partetik jasotzen duten «baliabide, begirune eta babes eskasa, eta beste eragileekin alderatuta diskriminatuak» sentitzen direla salatu izan dute. Eta kolektiboaren ustetan, Euskaraldi bete betean gertatutakoa dugu, jokabide horren azken adibidea.