Lezamako miraria ezin izan zuten egin jokalariek. 500 zale txuribeltz baino gehiago mobilizatu ziren Lezamako Piru Gainza harmaila beteaz, eta joan den astean Osasuna Promesas taldearen aurkako berdinketaren ondotik, ezinezkoa zirudiena egin zezaketela sinetsi egin zuten zaleek izan ezik, klubeko estamentu guztiek ere. Are gehiago, ez zen bere buruaren jabe azken jardunaldian, baina arerio zuzenek egindako emaitzak ondoren ikusita, Real Unionek Athletic B garaitu izan balu mailari eutsiko lioke. Baina 4 eta 2 galdu zuten. Eta gainerakoa historia da.
26 urte ondoren espainiar estatuko futbolaren laugarren mailan ariko da talde txuribeltza heldu den denboraldian. Aurten Numancia, Sabadell, UDS Salamanca, Compostela edo UD Logroñes bezalako izen handiko beste hainbat klubek egin duten bezala, 2. RFEF mailan ariko da talde irundarra irailetik aurrera. Aurten espainiar futbolaren dekanoa, Recreativo de Huelvak ere bide berbera hartu du, adibidez.
Eta erronka berria ez da ahuntzaren gauerdiko eztula izango. Irundarrekin batera maila galdu berri duten Sestao eta Amorebietarekin lehiatu beharko baitute irailetik aurrera, eta beste hainbat arerio topatuko ditu bidean, UD Logroñes eta SD Logroñes besteak beste. Baldintzak ere ez dira berdinak izango, etxetik kanpo hainbat belar artifizialeko zelaietan aritu beharko baita lehian.
Tristuratik birsortzera
Albert Carbo entrenatzaileak Lezamako prentsa aretoan adierazitako «tristurak» luze iraungo badu ere, Igor Emery presidenteak Real Union lehenbailehen goian ikusteko konfiantza agertu zuen Lezamako harmailetan bertan egindako adierazpenetan. «Hau gertatu bada zerbaitengatik gertatu da, eta argi daukagu proiektuak aurrera jarraitzen duela», aditzera eman du, lehen taldetik harago, klubaren proiektuak erro sakonagoak dituelakoan.
Izan ere, azken urteetan egindako ibilbidean txuribeltz sentimendua odol berritu delakoan dago presidentea, zale gazte eta anitzagoarekin. «Lezaman bezala, aurreko astean ere, harmailak bete zituzten zaleak taldearen indar nagusia dira», azpimarratu du Emeryk, «Real Union eta zaletuak oso bizirik daude, sentimendu handia dago eta horrek lagunduko gaitu berriz altxatzen, hori da bidea, denok elkarrekin».
Alde horretatik, kirol emaitzek agerian uzten dute aurten gauzak ez direla nahi bezala atera, eta «hausnarketa egin eta berriz talde indartsu bat eraikitzea» hurrengo aste eta hilabeterako erronka handia izango dela. Izan ere, 2 RFEF mailan lehiatzeko jokalariak beharko dituzte, eta klubaren ekonomia kategoria horretara egokitzeko neurriak hartu ere. Datozen asteetan mugimendurik ez da faltako Stadium Galeko bulegoetan.
Esan bezala, Lezamako miraria ezin izan zuten egin jokalariek. Baina Lezamako errautsetatik birsortu beharko da 2027 urtean bere laugarren Espainiako Koparen mendeurrena ospatuko duen klub historikoa.