Erretzaile gehien dituen Gipuzkoako eskualdea da Bidasoa

Antxeta Irratia 2025ko mai. 27a, 10:39

"Tabakoa modan dago?" titulupean, Minbiziaren Kontrako Elkarteko Maider Sierra psikologoak eta Bidasoa ESIko Laura Ramudo erizainak erretzen hasten direnei begirako prebentzio hitzaldia emango dute ekainaren 2an Irungo Palmera Monteron. Tabakorik Gabeko Munduko Egunarekin bat egin du Irungo Udalak, «nikotinaz gain, menpekotasun psikologikoa» eragiten duen tabakoaren osasun-arazoaz herritarrak sentsibilizatzeko. 

Bidasoko ESI eta eta Minbiziaren Kontrako Gipuzkoako Elkarteak antolatzen dute honakoa hitzaldia, izan ere, aspaldiko urtetan ari dira bi erakunde hauek elkarlanean, tabakismoa prebenitu eta ohitura hau dutenek utz dezaten kanpaina eta laguntza ematen. Oraingo honetan, Laura Ramudo, osasun publikoko zerbitzuko komunitateko erizaina eta Maider Sierra, Minbiziaren Kontrako Gipuzkoako Elkarteko prebentzioko teknikaria eta psikologoak emango dute hitzaldia. 

Bidasoko Minbiziaren Kontrako Elkartetik argitu dutenez, eskualdeko Lehen Arretako medikuekin elkarlanean ari dira 2010 urtetik, erretzaileei tabakoa uztera gonbidatuz, gomendioak emanez, eta kirol jarduera emendatzeko estrategiak martxan jarriaz. “Erretzeari utzi nahi diozu? Ohituraz aldatu” lelopean jarri zuten martxan aurreneko kanpaina, tabakoa kirolarengatik aldatzeko estrategiarekin. Euskal Herriko datuak aztertuta, lau biztanletako bat erretzailea da eta %68ari erretzen uztea gustatuko litzaioke.

Gurean zehazki, Eusko Jaurlaritzak argitaratutako adikzioei buruzko azken txostenean, erretzaile gehien dituen Gipuzkoako eskualdea da Bidasoa. Horren arabera, herritarren %22,53k dio erre duela azken 30 egunetan, eta %18k aitortu du egunero kontsumitzen duela tabakoa edo zigarro elektronikoa. Era berean, emakume erretzaileen kopurua 15 eta 21 urte arteko adin tartean %23,5ekoa da Irun-Hondarribian, gizonekoak baino 5 puntu gehiago.

Alde horretatik, ariketa fisikoaren onurak hobekuntza fisiko, psikologiko eta sozialetan zentratzen dituzte osasun zerbitzuek. Izan ere, ariketa fisikoak laguntzen die erretzeari utzi nahi dioten pertsonei, eta batetik, erretzeari uzteko ahalegina egitean ager daitezkeen estresaren, antsietatearen, aldarte gorabeheren eta antzeko sintomen intentsitatea murrizten duela azpimarratzen du Minbiziaren Kontrako Elkarteak. Bigarrenik, zigarroen nikotinak eta honen faltak loaldian gorabeherak sor ditzake. Eta jarduera fisikoak erretzeari uzten ari diren pertsonen loaren kalitatea hobetzen du. Gaur egun "Hobe tabakorik gabe. Lor dezakezu!" erretzeari uzteko gidaliburua eskura jartzen du Osakidetzak erretzaileen eskura. 

Esangabe doa, tabakoaren kontsumoak lotura handia duela gaixotasun ugarirekin, baina sortzen den menpekotasunari buruz ere kontzientzia sortu nahi dute Bidasoaldean. Maider Sierra, Minbiziaren Kontrako elkarteko psikologoak dioenez, nikotinaz harago «egunero erretzeak suposatzen duen ohiturak menpekotasun psikologikoa sortzen du, memento txarretan eta onetan, estres egoera baten aurrean edo kafea hartzerakoa, egunero errepikatzen den ekintza bat denean, alde psikologikotik asko du». Hortaz, elkartetik prebentzioaz gain, erretzaileei laguntza psikologikoa eskaintzen zaie.