Josu Iguiñiz Euskara zinegotziak, joan den larunbatean Euskaraldiaren egitarauan programatua zegoen kantu ekitaldiarekin gertaturikoak piztu duen polemikaren inguruan azalpenak eman ditu. Antxeta Irratiak galdetuta, argitu du «bi ekitaldik bat egin zutela leku eta ordu berean, eta deskoordinazioak haserrea eragitea ulergarria bada ere, ez da inolaz ere euskararekiko eraso bat izan».
Zehazki, 'Northfit Irun' crossfit lehiaketa, Euskaraldia Irun programaren barruan Txorimaloak Soinu Taldea, Muxikoak eta Elatzeta Abesbatzak antolatutako jarduera, eta aldi berean, Irungo Atseginaren buruhandien aurkezpena ere programatua zegoen San Juan plaza ondoko Almudena Grandes plazatxoan ere. Udalak argitu duenez, koordinazio eta komunikazio faltagatik kaltetua izan zen Euskaraldiaren hitzordua, eta «sentitzen» badu ere, Iguiñizek argitu du ez dela euskararen kontrako erasorik izan.
Oro har, Euskaraldiaren balorazio baikorra egiten du, egitarau oparoa izan duela eta «larunbatekoa izan ezik, eragileekin batera antolatutako hitzordu guztiak ondo joan dira» Iguiñizen arabera. Kontuan hartu behar baita, maiatzaren 1etik 25era Irungo eragile ezberdinekin elkarlanean askotariko 30 kultur hitzordu jaso dituela Euskaraldiaren Irungo programak.
Horiek hala, maiatzaren 24an gertatutakoa baimenak ematerako orduan izandako arazo puntuala izan dela dio Euskara arloko ordezkariak. Izan ere, Irungo Udaleko Kirola eta Euskara arloen arteko deskoordinazioa eman zela aitortu du, Euskararen kontrako eraso bat izan denik ukatuz. Alde horretatik, gaizki ulertze tekniko bat izan dela dio Josu Iguiñizek, eta berehala konpontzen saiatu zirela. Bidasoa Kirol Elkartea plazan edo Zabaltza plazan egiteko alternatibak proposatu zitzaizkiela dio zinegotziak, baina «Euskaraldiaren programatik kanpo eta beraien kabuz» Urdanibia plazan egitea erabaki zutela. Hala eta guztiz ere, udalak argindarra jarri zuela eta beharrezko baimenak kudeatu zituela gogoratzen du ere.
Garbiñe Etxenagusia, Txorimaloak Soinu Taldeko kideak Antxeta Irratian kontatu zuen gertatutakoa, eta «Euskaraldi betean, haur, gazte zein helduz osatutako euskarazko ekimena udalak azken mementoan errefusatu, eta erdara hutsez egindako kirol proba bat lehenetsi» duela salatu dute haserre eragile hauek. «Haur eta helduok lan handia egin dugu prestatzen, ilusioa eta egindako lan guztia pikutara joan da», dio Etxenagusiak. Udalak bere partetik, gaizki ulertua sentitzen duela, eta «eragileekin euskararen alde lanean jarraitzeko konpromisoa» duela berretsi du.
Argazkia: Bidasoko HITZA, Alaine Aranburu Etxegoien