Orain artean 5.141 plaza zeuden hirian hamahiru eremutan banatuta. Eta bi urtetarako esleitutako kontratu berriak 2.996 toki berri sortzea erabaki du udalak. Borja Olazabal, Mugikortasun Jasangarrirako ordezkariak azaldu duenez, aparkalekuen azterketa sakon bat egin ondoren. Hortaz, Artian, Larreaundin, Elizatxon eta Kostorbe-Gal inguruan ezarritakoekin, orotara 8.137 aparkaleku plaza dira orain araututakoak. Horietatik, 1.247 urdin, 6.487 berde, 23 gorri eta egoiliarrentzako 380 zuri.
Argitu dutenez, udalak ordutegi ezberdinak finkatu ditu eremu zahar batzuentzat. Zehazki, 1etik 9ra eta 12. eremuetan astelehenetik ostiralera, 09:00-13:30 eta 15:30-20:00, eta larunbatetan 09:00-13:30era indarrean izango den bitartean, 13tik 17rako eremuetan astelehenetik ostiralera, 09:00-13:30 eta 15:30-18:00etara izango da. Era berean, 7, 10 eta 11. Eremuetan astelehenetik igandera, 09:30-19:30etarako ordutegia izango dute. Eta Belaskoenean salbuespena egin du udalak, 13. eremuan, gune ez komertziala dela kontuan hartuta, 18:00ak arte izango delarik.
Gogoratu beharra dago, Alde Zaharra-San Juan edota Erdiguneko auzo elkarteek hainbatetan adierazi dutela TAO sistemaren funtzionamenduarekin haien kexa, eta Artian auzoko azaleko aparkalekuen arautzearen kontrako sinadura bilketa ere abian jarri zutela udaberri hasieran. Haatik, Irungo Udalak ohartarazi duenez, TAO zerbitzuaren ezarpena eremu berrietan ebaluatu egingo dute, ordutegiak aldatu edota beharrezkoa izanez gero, beste zonaldeekin muga egiten duten kaleetan egokitu behar ote den aztertzeko.
Era berean, azterketa orokor bat egingo dute etxebizitza bakoitzeko bigarren TAO txartel baten aukera analizatzeko.