Desiratzen ez den bakardadeari aurre egiteko prest dauden irundarrak bilatzen ditu Adinkidek

Koldo Nausia 2025ko eka. 5a, 12:35

Adinekoen akonpainamendu emozionala antolatzen duen Adinkide Fundazioa Irunen lanean hasi da. Gipuzkoan 600 lagun baino gehiago dira boluntario eta onuradunen artean. Irundarren %23,6k 65 urte baino gehiago dituela aintzat hartuta, «zahartze aktiboa, komunitate kultura eta garai bateko auzo-bizitzaren konplizitatea sustatu» nahi dute, adinekoen osasun mentala eta fisikoa zaintzeko, kontzientzia sortu eta herritarrak aktibatzeko ere.

AdinKide proiektuaren "familia handia" Gipuzkoako 600 pertsona inguruk osatzen dute. Bakardade ez hautatua prebenitzeko lanean diharduten 335 boluntario daude gaur egun zazpi udalerritan banatuta, eta 260 adineko lagun dira haien akonpainamendu emozionalaren onuradunak. 2017 urtean Donostian ekin zion Adinkide Fundazioak ekimen honi, eta orain Irun hirian ere, «komunitate kultura sustatu eta konplizitatea sortzeko» kanpaina betean daude. Orain artean, Donostian ez ezik, Tolosan, Pasaian, Urretxun, Azpeitian eta Ibarran ere sortu dituzte zaintza sareak.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren bakardadearen aurkako Hariak estrategian kokatuta, Irungo Udalak ere bat egin du ekimenarekin. Josu Iguiñiz, Gizarte Ongizate arloko udal ordezkariak nabarmendu duenez, «gero eta gehiago bizi gara, eta gero eta gehiago dira bakardade ez hautatua pairatzen duten pertsonak». Eta horri soluzioa jarri nahian, zahartze aktiboa, harreman sozial osasuntsuak, sozializazio integrala bilatzen duen programa giltzarri bilakatu daiteke. Cristina Laborda Irungo alkateak gogoratu duenez, badira hamar bat urte Irungo Udalak bakarrik bizi diren 75 urte baino gehiagoko irundarrekin urtero harremanetan sartzen dela, eta arrisku egoerak detektatuz gero, Gizarte Zerbitzuetako baliabideak eskaintzen zaie, laguntza eman eta jarraipena eginez.

Zahartzaroaren irudia aldatu

Hala eta guztiz ere, Gipuzkoako herritarren %30 inguru bakardade ez hautatuaren biktima dela argitu du Foru Aldundiak egindako azken diagnostikoan. Txostena osatzeko adituen galdetegiak identifikatu du errealitate hau, nahiz eta inkestatuen %5k baizik ez du onartu bakardadea sentitzen duenik. Maite Peña, Zaintza eta Gizarte Politiketarako diputatuak azpimarratu duenez, «geroz eta gizarte indibidualistago batean bizi gara, bakardadea arazo estrukturala da eta askotan estigmatizatua dagoenez, ezkutuan geratzen da».

Izan ere, Adinkide-Grandes Amigos Fundazioko Loles Diaz-Aledok Irungo Luis Mariano adinekoen zentro sozialean egindako aurkezpenean ohartarazi duenez, «zahartzearen irudi soziala aldatu beharra dago, zama bat gisa ikusia da, bizitzaren garai inproduktibo bat bezala, eta ezertarako balio ez duzula sentitzen duzun mementotik bakardadea pairatzera urrats bat besterik ez dago».

Bakardadearen ondorioak osasunean

Alde horretatik, bakardadea sentimendu bat izan daiteke. Baina Adinkide Fundazioko Gipuzkoako arduradun eta Irungo partaidea den Miriyam Lopezek argi du, osasunean eragin nabarmena duela. «Osasun emozional eta mentalean ez ezik, osasun fisikoan ere, narriadura kognitiboa dakarrelako, eta bizitza sozial aktiborik gabe, adin batetik aurrera etxean ordu asko eta bakarrik emateak eritasunak eragin edo kaltetzen ditu», azaltzen du Lopezek. Errealitate honen aurrean, AdinKide proiektua komunitatea indartu nahi du, eta Josu Iguiñizek azpimarratu duenez, «instituzioak, auzoak, adineko pertsonak, herritarrak batu nahi ditu programa honek, eta adineko pertsonak artatu, zaindu, haietaz arduratu eta herritarrak aktibatu».

Luis Marianoko adineko zentro sozialean elkartu dira agintariak Adinekin programako zenbait boluntarioekin. 

Auzo biziak behar dira horretarako fundazioko kideen arabera. Eta Irunen boluntarioen kaptazioa hasi besterik ez dute egin, baina Miriyam Lopez kontent agertu da pentsa daitekeenaren kontra gazte asko interesatu direlako. «Adineko pertsonek pentsatzen dute gazteak festan daudela beti, baina ikusi da inplikazio sozial handia badutela», dio Adinkideko Irungo ordezkariak, «Plaiaundi Institutura joan ginen aurkeztera eta 33 gazte etorri ziren laguntzeko prest». Lehen deialdi horri esker, adineko akonpainamendua bi edo hiru gazteren artean antolatu dezakete, eta diotenez, sozializatzerako garaian eta planak egiteko orduan aukera anitzagoa ahalbidetzen du. Gipuzkoa mailan, aldiz, Adinkide programan ari diren boluntarioen batez besteko adina 47 urtekoa da, eta %76,1 emakumezkoa den bitartean, zaintza edo akonpainamenduaren onuradunen %79,6 emakumea da, eta batez besteko adina 80,8 urtekoa. 

Akonpainamedu emozionalerako boluntarioak

Horiek hala, akonpainamendu emozionala egiteko gai izan ez, edo denbora faltagatik laguntza iraunkorra izatea bermatu ezin dezakeenak ere, badu zertan lagundu Adinkide Fundazioan. «Programa gizarteratzen lagundu, eskuorriak banatu edo antolaketan esku kolpe bat eman daiteke, lagundu nahi duen boluntarioari bilatuko diogu zereginen bat, asko baitago egiteko». Izan ere, adineko pertsonen bakardade ez hautatua gaur egungo gizarteak duen erronkarik handienetakoa dela uste dute fundazioko kideek eta agintariek.

Hartara, Gipuzkoako Foru Aldundia zaintza eredu berrien lanketa sakona egiten ari dela gogoratu du Maite Peña diputatuak. Izan ere, Gipuzkoako 735.577 biztanleen %23,9 65 urte edo gehiago ditu (Irunen, 15.168 lagun, ororen %23,6), eta 2037 urterako 3 etxebizitzetatik batean, pertsona bakarra biziko dela aurreikusten da.

Hala ere, desiratu gabeko bakardadeak soluzioa duela oroitarazten du Adinkide Fundazioak. Egungo gizarte-eredu aldaketaren ondorioz galdu den komunitatea eta auzo-bizitza berreskuratzea. Hortaz, ekimen honetan boluntarioa izan, akonpainamendu emozionala egin edo sozializazio jarduerak antolatzen lagundu nahi baduzu batetik, edo adinekoa bazara eta bakardadea saihesteko lagun berriak egin nahi badituzu, jarri harremanetan irun@adinkide.org helbidean 634 092 533 telefonora deituz, edota sakatu hemen eta informatu.