Zaporeak erakundearen egoitza Donostian dago, baina 2014an Grezian dauden errefuxiatu-esparruetan harrapatuta dauden pertsonentzat bizi-baldintzak hobetu eta janaria prestatzen hasi zirenetik, Irun eta Hondarribiko boluntario anitz inplikatu ziren hastapenetik. Lesbos uhartean Moria kanpalekuan aritu dira 2014tik, gobernuak 20.000 pertsona baino gehiago pilatu zituen han 3.000 lagunentzat diseinaturiko espazio batean, eta haien oinarrizko beharrak asetu gabe zirenez, kozinatutako janariarekin batera, duintasuna eraman du urteotan guztiotan Zaporeak GKEak.
Errefuxatuentzat duintasuna ekarriz
Hasieran Siriako gerratik ihes egindako errefuxiatuak jaso zituzten han, eta garai hartan Euskal Herrian bildutako elikagaiekin eta laguntza ekonomikoarekin, egunean 2.500 otordu banatzera iritsi dira. Gaur egun siriarrak ez ezik, nazioarteko gerra eta gatazka larri anitzen ondorioz, afganiarrak edota palestinarrak ere jasotzen dituzte kanpaleku haietan, «ihes egitea lortu dutenak dira, gehienak emakumeak eta haurrak», dio Miren Legorburu boluntario hondarribiarrak. Bidasotar anitz bezala, Zaporeak erakundeko boluntario hau Lesbosen izan da sukaldea antolatzen eta laguntza ematen, eta kontatu digunez, Bidasoaldean oraindik ere 65 lagun inguruko boluntario taldea dago Zaporeak ekimenean, inplikazio maila batekin ala bestearekin.
Eskoletan eta supermerkatuetan elikagai bilketa kanpainak egin ohi dituzte (ekainaren 20-21ean egingo dute hurrengoa Irungo BM supermerkatuetan), baina «laguntza guztia gutxi da, hilabetean 60.000 otordu inguru banatzen ditugulako han, eta 100.000 euro inguruko aurrekontua behar da horretarako hilero» dio Legorburuk. Hau da, urtean gutxienez 1,2 milioi euro behar dituzte «giza eskubideak errespetatuz gero, Europako instituzioek estali beharko lituzketen errefuxiatuen oinarrizko behar horiek boluntarioen bitartez asetzeko», kexu da Legorburu.
Hortaz, laguntza eskudirutan ere ezinbestekoa dute. «Beti esaten dugu euro bakoitza pertsona baten bazkaria bilakatzen dugula Lesbosen, baina hemen arroza pakete batekin laguntzen duenak ere jakin behar du, hilabete edo bi hilabeteren buruan arroza hori benetan beharra duen norbaitek jango duela han ziur», argitzen du Zaporeak GKEko kideak.
Kontzertu solidarioa Junkal elizan
Herritarren elkartasun uholdea etengabea izan da azken urteetan Zaporeak GKEaren alde Euskal Herri osoan. Ekarpena txikia ala handia izan, laguntza ale oro ongi etorria da. Eta Irungo Ametsa abesbatza elkarteak bere ekarpena egingo du Irungo Sanmartzialetako egitarauan txertatu duten kontzertu solidarioan. Ekainaren 7an (20:00) Junkal elizan egingo dute, iaz antolatutakoak lortutako arrakasta errepikatu nahian. Aurten, aldiz, Zaporeak mugimenduko boluntarioak omenduko dituztela argitu digu Juantxo Atxukarrok, Ametsa abesbatzako presidenteak. «Harrigarria da ikustea nolako lana egiten duten boluntarioek, janaria hemen biltzea gauza bat da, baina gero hara eraman eta lan hori guztia egitea izugarria da», dio abesbatzako ordezkariak, «guk, aldiz, abestu besterik ez dugu egingo, bihotzak xamurtu eta aurpegietan irribarre bat ikustearekin konformatzen gara».
Abesbatzako helduen Betiko Ametsako 30 bat kantari ariko dira kontzertuan, Zaporeak erakundearekin lankidetza estua duen Donostiako Eresmin koruak lagunduta. Errepertorioa ordu erdi ingurukoa izango dela iragarri du Atxukarrok, "Agur Maria" eta "Ogi Zerukoa" erlijio kutsua dutenak lehenik, Pablo Sorozabalen "Bihotz bat" eta "Bai al dakizu, maite" abestiak gero, eta 2004. urtean ospe handia lortu zuen Les Choristes (Los chicos del coro) pelikularengatik ezaguna den "Hymne a la nuit" kantuaren ondotik, Ansorenaren "Agurra", Schuberten musikan oinarritutako "El Tilo", eta "El Abanico" habanerarekin itxiko dute. Esan bezala, sarrera doakoa izango da, baina kutxak jarriko dituzte jendeak nahi edo ahal duena eman dezan Zaporeak GKEko sukaldeak jarrai dezan.
Jaietako bigarren kontzertua txikiekin
Bestalde, San Pedro eta San Martzial jaietako programazioan ere, Ametsa abesbatzaren txikienek aparteko emanaldia prestatu dute ekainaren 15ean, 19:00etan, Amaia Kultur Zentroan. Letizia Vergara mezzo-soprano eta Ametsa Txiki koruaren zuzendariak aurreratu duenez, Irungo La Salle eta El Pilar ikastetxeetako lehen hezkuntzako ikasleekin batera 40 bat haur biltzea lortu dute haurrentzako opera berezi bat eskaintzeko. Oscar Wilden lanaren egokitzapen bat taularatuko dute bertan, “El Gigante Egoista” edo “Erraldoi berekoia”. Baina mementoz, Zaporeak GBKko boluntarioen eskuzabaltasuna laguntzeko ekainaren 7ko kontzertuaren deialdiarekin geratuko gara.