Inguruan Madril edo Bartzelonara jo beharra dagoela diote bizimodu berdea, kontsumo jasangarria eta klima aldaketa arindu dezaketen ohitura osasungarriak sustatzen dituen tamainako azoka bat topatzeko. Hiru egunez 70 hitzaldi eta tailer antolatu dituzte gure osasuna eta ama lurrarena zaintzeko. Eta azokari dagokionez, 120 bat erakusketariekin, elikadura burujabetza, kosmetika ekologikoa, energia berriztagarriak, bioeraikuntza, ekologismoa, mugikortasun jasangarria, klima aldaketa eta itsas-hondakinen kontrako ekimenak… denetarik topa daiteke bertan.
Maialen Gaztanaga, Bioterra azokaren zuzendariak aitortu digunez, duela 22 urte exotismo bat zena, azoka xume eta berritzailea, erreferentziazkoa ez ezik, garapen handia bizi izan duen sektorearen lekuko eta bidelagun izan da bi hamarkadaotan. «Ekoizle eta berrikuntza enpresa asko gizarteratzeko, eta haien produktuak merkaturatzen laguntzeko baliagarria izan da, eta sektorearen garapena laguntzeaz gain, gu geu eta gure kontsumo ohiturak ere asko aldatu dira 20 urteotan», azaldu digu.
Urtero bezala, azoka postuak arloka antolatu dituzte, eta Ficobako hiru pabilioiak ez ezik, kanpoaldeko eremua ere bideratu dute bederatzigarren urtez antolatu duten Yoga tailerrarentzat. Izan ere, «Bioterra azoka bat baino gehiago da», dio Gaztañagak, «ez da supermerkatu soila, gazta bat erosten baduzu, horren atzean prozesu guztia ezagutzeko aukera duzu, produktu edo ekimenaren atzean dagoen pertsona ezagutzen duzulako». Alde horretatik, ikuspegi dibulgatiboak ere beti du pisu handia Ficobako azoketan. Eta Bioterran ere, sukaldaritza osasungarri tailerretatik hasi eta taichi ikastaroetara, edota azokagunean bioeraikuntza eta energia berriztagarrietan punta-puntako teknologia instalatzen duten enpresen postuetatik hasi, eta aldameneko herrian biologikoan ari den laborarira, edota kosmetika ekologikoaren pedagogia egiten duten elkarte ekologistak topatu ditugu, besteak beste.
Bestalde, aurtengo berritasun nagusia oliba olio birjen-extra dastaketarako guneak harrakasta bildu du. Andaluzia, Extremadura edota Nafarroako 9 olio ekologiko hautatu dituzte, eta ekoizleekin partekatu eta dastaketak egiteko aukera eman dute.