Segurtasun dispositibo handia eta kalez jantzitako poliziak Sanmartzialetan

Koldo Nausia 2025ko eka. 12a, 15:44

Ertzaintzak eta Udaltzaingoak koordinatutako Jaietako Segurtasun Dispositiboa aurkeztu dute Irungo San Pedro eta San Martzial jaietako 19 egun eta gauetarako. Herritarrei «errespetuz eta arduraz» jokatzeko eskatu die Cristina Laborda alkateak, eta uniformatutako zein kalez jantzitako polizia, osasun-langile, babes zibileko boluntario eta ostalariekin ondo planifikatutako Ekintza Planari esker, Irungo ertzain-buruaren arabera lapur eta delinkuentei «mezu garbi bat helarazi behar zaie, delituak Irunen ez du merezi».

 

Irungo San Pedro eta San Martzial jaietarako segurtasun dispositibo berezia antolatu dute Irungo Udaltzaingoak eta Ertzaintzak koordinatuta. Cristina Laborda alkateak azpimarratu du, «errespetua, elkarbizitza eta harmonia» gailendu dadin lanean aritu direla azken asteetan. Eta azken koordinazio bilera egin ondotik, gaur aurkeztu dute indartutako plangintza. Agerraldian udal ordezkariez gain, Juanjo Aizpiolea Udaltzaingoaren arduraduna, Andoni Urdangarin Ertzaintzaren Irungo ikerketa burua, eta Udal Segurtasun Batzordean parte hartzen duten Bidashop eta Denok Bat merkatari eta ostalarien elkarteko ordezkariek eta auzo elkarteen federazioko kideek ere hartu dute parte. 

Alde horretatik, azken asteetan poliziaren presentzia indartzera eraman duen Gaueko Aisialdi Planaren balorazio baikorra egin dute ostalariek eta ordezkari polizialek. Eta 19 eguneko programazioa osatzen duten jaietan dena ondo atera dadin, bide beretik baliabideak indartu eta elkarlanaren garrantzia azpimarratu dute. 

Irungo Udalak bere partetik, indarkeria matxistak prebenitzeko kanpainaren Puntu Moreen kanpaina eta Telefono Morearen 24 orduko arreta zerbitzuaz gain, etxera buelta segurua izan dadin GauTxori autobus zerbitzua indartu egin dutela argitu du Laborda alkateak, eta «etxetik gertu uzteko» txoferrak eskariaren araberako geldialdiak egingo ditu iaz bezala. Haatik, indarkeria matxista prebenitzeko segurtasun neurriak osatzerakoan, ez dute Irungo kolektibo feministekin elkarlanarik bilatu, hauek etxera bueltak eta elkar zaintzarako antolatzen ari badira ere. 

Era berean, Euskotren eta Lurraldebus zerbitzuak indartu egingo dituzte jaietan, eta Ertzaintzak jakinarazi duenez, Irungo Udaltzaingoarekin ez ezik, Hondarribikoarekin ere harremanetan jarri dira, jaiek iraun bitartean Irundik Hondarribira bestondokoan egingo diren desplazamenduak zaintzeko. 

Ekintza Plana eta dispositiboa

Ildo horretatik, indarkeria matxista kasuak prebenitzeko bezala, «gainerako delitu aukera murrizteko eta tendentzia deliktiboak detektatzeko» kalez edo paisanoz jantzitako polizia (agente askatuak deritzo Ertzaintzak) ariko da kaleetan lanean, uniformatuen presentzia areagotzeaz gain. Andoni Urdangarin Irungo ertzain-buruak aditzera eman duenez, Aduana Polizia Zentroarekin eta polizia frantsesarekin ere harreman zuzenean ariko dira, balizko delitugileen ihesbideak kontrolatzeko. Eta herritarren segurtasunaren beste esparruetan ere, Osakidetzarekin, Babes Zibileko boluntarioekin eta «egundoko planifikazioa» eskatzen duen Alarde Egunerako ere, koordinatu behar diren eragile guztiekin ere. 

Oro har, planifikazio handiko dispositiboa antolatu dutela nabarmendu du Juanjo Aizpiolea udaltzain-buruak ere. Eta horretarako Krisi Aretoa antolatuko dute iaz bezala, Irungo Udaltzaingoaren egoitzatik lan guztiak aldi berean koordinatzeko, eta jende gehien bilduko dituzten jaietako ekitaldi nagusietan Larrialdi Plana aktibatzeko. Nolanahi ere, maila handiko segurtasun dispositiboa plantan emango dute, eta ertzain-buruaren arabera lapur eta delinkuentei «mezu garbi bat helarazi behar zaie, delituak Irunen ez du merezi». 

Ostalari eta auzo elkarteen kezkak

Agintariek jaietan segurtasuna bermatzeko egindako ahalegina eskertu egin dute Bidashop eta Denok Bat merkatari eta ostalarien elkarteetako kideek. Eta gogoratu nahi izan dute, «tabernak eremu seguruak direla jaietan, eta alkohola kontsumitzeko gune arautu bakarrak», botiloiak saihestu behar direla aldarrikatuz. Jaiak gozatzeko direla, baina arduraz eta errespetuz jokatzeko eskatu diete irundarrei.

Eta Alde Zaharra eta Erdiguneko auzo elkarteetako ordezkariek ere, jaiak posible egiten duten langile guztiekin errespetuz jokatzeko exijitu nahi izan dute, «izan tabernako langileak, Txinzerreko garbitzaile edo udaltzainak, haien lanarik gabe ez genituzke jaiak izango» gaineratu dute. Hala ere, kaleko komuna publiko aski ez instalatu izana leporatu dio Alde Zaharra-San Juan auzo elkarteak Irungo Udalari. «Jende askok hormetan eta portaletan txiza egiten du», kexu diren bitartean, Nuria Alzaga alkateordeak oroitarazi du, «urtetik urtera beti asko dagoela hobetzeko, baina herritarrek dauden komunak erabili behar direla eta gizalegez jokatzeko eskatu» nahi izan die.