EUDELek adostuko duen lan hitzarmena aplikatzeko hitza eman die Irungo Udalak

Koldo Nausia 2025ko eka. 13a, 11:08

EAEko 28.000 udal langileei aplikatzen zaien UDALHITZ lan hitzarmena negoziatzen hasiko dira, negoziaketa mahaia eratzeko ELA sindikatuak ezarritako zenbait baldintza bete ostean. EUDELekin negoziatutakoa hitzarmena aplikatzeko «konpromiso politikoa idatziz» lortu dute, Irungo Udalak honi uko egiten baitzion orain arte. Udal zerbitzuetan azpikontratazio politikari ere mugak jartzeko eskatu du sindikatuak. 

Joan den urtarrilaren 22an, EUDELen zuzendaritzak sektoreko sindikatuak deitu zituen 2010etik iraungia dagoen UDALHITZ hitzarmena negoziatzeko, edo negoziazioa irekitzeko asmoz. Tokiko administrazioan erreferentea den hitzarmenaren garrantziaz jabetuta, sindikatuek jarrera kritiko baina irekiarekin hartu zuten proposamena. Baina «aurreko dokumentuari aurpegi garbiketa bat egin eta negoziaketa sakonik ez egiteko» susmoa dutela ondorioztatuta, EAEn 28.000 udal langile hunkitzen dituen lan hitzarmenaren Negoziaketa Mahaia ez eratzea erabaki zuen ELA sindikatuak.

Euskal sindikatu honek du Irungo Udalean langileen %50 baino gehiagoko ordezkaritza. Eta 14 urteren buruan, oraindik ere UDALHITZ hitzarmena negoziatzeko mahaia ireki da azkenik, joan den martxoaren 28an egindako mobilizazioen ondotik. Apirilaren 11 eta maiatzaren 22an egin dituzte azken bilerak, eta negoziaketa hasi baino lehen ELAk lortu nahi zuen «konpromiso politikoa idatziz» eskuratuta abiatuko dute elkarrizketa. 

Atzo Irungo udal langileek elgarretaratzea egin zuten udaletxearen atarian. Eta ELAko ordezkari Maialen Aranburuk argitu duenez, EUDEL udalerrien federazioan adostuko dena aplikatzeko konpromisoa hartu du azkenik Irungo Udalak. Izan ere, hasiera batean ez zen zerrendan agertzen. Aurreko hitzarmena negoziatu eta adostu zenean garaiko Irungo udal gobernuak (PSE-EEk) hitzarmena ez zutela aplikatuko adierazi zuen. «Negoziatu dezakegu munduko hitzarmenik hoberena baina hurrengo egunean ez badute aplikatuko, alferrikako negoziaketa da», azaldu du Aranburuk. Irungo alkatetza presionatu egin dute azken hilabeteetan, eta PSE-EE alderdia bakardadean gobernatzetik, EAJrekin koalizioan gobernatzera pasa da. «Aldaketa handirik ez da somatu haien jarreran, baina gutxienez negoziatuko den hitzarmena aplikatzeko konpromiso politikoa dago», dio Aranburuk. 

Euskal Herriko lan baldintzak bertan negoziatzea eta ez Madrilen izan da premisetako bat. Eta ELAk dekalogo bat aurkeztu du hamar aldarrikapenekin. Besteak beste, langileak azpikontratatzeari mugak ezartzea, eta pribatizatuta dauden sektoreak publiko bilakatzea, langileen subrogazioarekin. 

Izan ere, aipatutako hitzarmena udalarentzat lan egiten duten langileen parte txiki bat besterik ez du hunkitzen, udaltzain, brigada eta administrazioan plaza publikoa dutenak gehienbat. Baina 2010etik berritu gabeko hitzarmen baten baldintzapean lanean ari badira ere, sindikatuak oroitarazi duenez, euskal tokiko administrazioan oro har, baina Irunen bereziki, (kontratu esleipen bidezko) azpikontrata bidezko langileen kopurua handia da. Eta hauen lan baldintzak are eta okerragoak dira oraindik.