Kolektibo zaurgarrienen errealitateaz hausnartzeko Caritasen Taupagunea Irunera iritsi da

Aitor Errazkin 2025ko eka. 17a, 11:00

Taupagunea Irunera iritsi da, etxebizitzarako eskubidea ardatz hartuta. Caritas Gipuzkoak antolatutako topaketa hau ekainaren 16tik 19ra egingo da Zabaltza plazan. Gune ibiltari honek hausnarketa, elkarrizketa eta sentsibilizazioa uztartzen ditu. Aurtengo edizioan, berrikuntza gisa, mahai-inguruak eta erronka solidarioa izango dira. Xabier Jorrin Elzo, Caritas Gipuzkoako kidea eta Taupagunearen koorindatzailearekin hitz egin dugu.

Caritas Gipuzkoaren Taupagunea Irunen izango da ekainaren 16tik 19ra, Zabaltza plazan, etxebizitza eskubidea izango da laugarren edizioarern gai zentrala. Gune ibiltari honek gaur egungo erronka sozialei buruzko gogoeta eta elkarrizketa sustatzen ditu, eta goizez zein arratsaldez egongo da irekita: 10:00-13:30 eta 17:00-20:00.

Aurtengo edizioak hainbat berritasun dakartza: lehendabizikoz bi mahai-inguru antolatuko dira, migratzaileekin eta etxebizitza-eskubidearekin lotutako gaietan sakontzeko. Gainera, ekimenari amaiera emateko, ostegunean arraun-erronka solidario bat egingo da Irungo eta Hondarribiko arraunlarien eskutik, gizarte bidezkoago bat aldarrikatzeko helburuarekin.

Taupagunea ez da bakarrik topagune bat: Caritas Gipuzkoaren programak eta egitasmoak ezagutzeko aukera ere izango da, hala nola Bidelagun, Miriam, Zubia edo Altza Baratza bezalako ekimenak. Egun horietan zehar, musika, dantza eta magia ere izango dira giroa laguntzen, herritarrak parte hartzera gonbidatuz.

Caritas Gipuzkoak dei egiten die Irungo herritarrei eta bisitariei, plaza honetan elkartu daitezen, entzuteko, partekatzeko eta etxebizitzarako eskubidea oinarri duen gizarte abegikorragoa elkarrekin eraikitzeko.

EGITARAUA:

Asteartea, ekainak 17 (11:00–12:30): “HARRERA EHUNTZEN: MIGRATZAILEEN LOTURAK ETA ESKUBIDEAK”

Parte-hartzaileak: Arkaitz Fullaondo, Ikuspegiko ikertzailea; Carlos Remacha, Bizi Irun taldeko kidea; Jon Aranguren Harrera Sarea plataformako kidea; Rocío Calderón Adiskidetuak elkarteko kidea; eta Binta Sarr, Manko Senagal elkartekoa. Moderatzailea Mabel Cenizo, Caritas Gipuzkoako Komunikazio, Eragin eta Boluntariotza arduraduna izango da.
     
Osteguna, ekainak 19 (11:00–13:30): “ETXEBIZITZA ESKUBIDE GISA: SARBIDEA BERMATU, BABESA ZIURTATU, BIZITOKI-BAZTERKETA SAHIESTU”

Parte-hartzaileak: Miguel de los Toyos, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburuordea; Jon Ugarte, Irungo Udaleko Etxebizitza zinegotzia; Raquel Sanz SIISeko teknikaria; Rosa García, Stop Kaleratzeak plataformako bozeramailea; eta Ruth López Herrero, Erletxea elkarteko kidea. Moderatzailea Mabel Cenizo, Caritas Gipuzkoako Komunikazio, Eragin eta Boluntariotza arduraduna izango da.