Irungo San Pedro eta San Martzial jaiak ate joka ditugun honetan, Irungo Udalak indarkeria matxisten prebentziorako kanpaina indartu ditu aurten. Maite Cortina, Berdintasun eta LGTBIQ+ arloko ordezkariak argitu duenez, biolentzia matxisten kontrako protokoloa 100 establezimenduk jaso dute, jaietan gerta daitekeen edozein erasoren aurrean nola jokatu behar duten zehaztuz. Eta aurten hamar Puntu More (iaz baino bat gehiago), eta 34 orduko arreta zerbitzua eskainiko dute, dagoeneko ekainaren 13-14ko asteburuan hasi zena. Aurreneko aldiz, gunearen karpa eta identifikazioa more kolorekoa da fisikoki.
Jakinarazi dutenez, San Juan plaza, Urdanibia plaza, Ficoba eta Istillaga plazako kontzertu eta ekitaldi garrantzitsuenetan martxan izango dira Puntu Moreak. Bestalde, Gautxori autobus zerbitzuetan gidariek malgutasunez jokatuko dute geltokiei dagokienez. Eskaeraren arabera, etxetik ahalik eta hurbilen jaisteko aukera eman nahi baitute.
Datorren asteburuari begira, Urdanibia plazan ekainaren 20ean 22:00etatik 01:00era Elektro taldeen emanaldian zehar, ekainaren 21ean Suneren kontzertuan, 22:30etik 02:30era, eta ekainaren 23an Gatiburen kontzertuan ere izango dira. Era berean, iaz bezala, Isabel Fornieles Pereira psikologoak koordinatutako"Telefono Morea" (607 070 202) 24 orduz martxan izango da telefono bidezko arreta zerbitzua eta indarkeria matxisten biktimentzako akonpainamendu zerbitzu gisa.
Edalontzietarako estalkiak
Haatik, aurtengo berritasun aipagarriena, sumisio kimikoa saihesteko udalak ostatuei bezeroen artean banatu ditzaten eskaini dien edalontziak estaltzeko 15.000 tapa edo estalkiak dira. Josu Iguiñiz Gizarte Ongizate arloko zinegotziak argitu duenez, San Juan eta Urdanibia plazako 20 ostatuetan egongo dira eskuragai.
Irungo Parean elkarte feministaren ustez, sexu erasoak saihesteko neurri fisiko eraginkorra izan daitekeen arren, udal agintariek kanpaina honekin helarazten duten mezua arriskutsua eta okerra da. Pareaneko kide Ainara Lopezek argitu duenez, «kasu honetan ardura jartzen da tapa jarri duen edo jarri ez duenaren gainean, berriz ere emakumeengan jartzen da fokua, dio erasotzailearen gainean beharrean», duela bi uda ere ziztada bitartez egindako erasoetan berdin gertatu zela gaineratuz, «galtza motzak ez eramateko mezua eman zen orduan ere, beraz mezua bada tapatu zure edalontzia eta galtza luzeak jarri, hurrengo urratsa izango da etxean geratzea».
Halako mezuen aurrean, jaietan ez ezik, urte osoan zehar «arazoa errotik ezabatzeko» lanketa baten beharra ikusten du elkarteak. «Feminismotik mezua argia da, kaleak gureak dira, tabernak ere gureak dira, eta lasai egoteko eskubidea daukagu, lasaitasuna ez da tapatzen, lantzen da», dio Ainara Lopezek. Intentzio onik ez dio kentzen kanpainari sentsibilizatzeko helburua duen heinean, baina errotik landu beharreko arazo bat dela dio Parean elkarteak, eta «ardurak eta erruak noren gain jartzen ditugun aztertu behar da». Izan ere, indarkeria matxista orotan bezala, erasotzailea da arazoaren erdigune.
Sexu erasoen bilakaera Euskal Herrian
2022ko udan Euskal Herriko festetan ziztada kimikoen bitarteko eraso ugariak salatu ziren. Urte hartan, Iruñeako Sanferminetan lau emakumek salatu zuten ziztadak sentitu zituztela, eta Nafarroako Foruzaingoak sumisioaren kontrako protokoloa aktibatu behar izan zuen. Eta uda berean Baionako prokuradore Jerome Bourrierek, uda hartan halako hogei bat salaketa jaso zituela argitzeaz gain, Baionako ospitaleko larrialdi zerbitzuetan, anbulantziekin lankidetzan, ziztadak kudeatzeko protokolo berezi bat ezarri zuten udarako.
Erasotzaileek lapurtzeko edo sexu delituak egiteko helburuarekin erabili ohi dute sumisio kimikoa. Alde horretatik, aurten Irungo jaietara iritsi den edalontzien estalkiak banatzeko kanpaina, iaz abiatu zuten EAEko hainbat udalerritan. Baina sumisio kimikoaren bitartez erasotzaileek egindako sexu erasoen fenomenoa ez da berria. Izan ere, Espainiako Toxikologiako Institutu Nazionalaren datuen arabera, estatu mailako hiru bortxaketatik bat mendekotasun kimikoarekin egiten da, eta azken bost urteetan, sexu-erasoen biktimen %33k positibo eman zuten drogetan, antsiolitikoetan edo sendagai lasaigarrietan. Burundanga ezaguna bada ere, polizi-iturrien arabera kasu gutxi batzutan besterik ez dute erasotzaileek erabiltzen. Eta amnesia, sedazioa, eta oro har, nerbio-sistema zentrala deprimitzen eta kontzientzia-maila aldatu edo biktimaren borondatea kontrolatzeko helburuarekin, lo egiteko pilulak, GHB edo ketamina bezalako sustantziak ohikoagoak izaten dira.
Jendearen kontzentrazioak baliatuz ziztada bidezko metodoak 2022tik aurrera alarmak piztu zituen arren, gehien erabili ohi den modua edariekin nahastutako sumisio kimikoa dela azpimarratzen du Toxikologia Institutuak. Horregatik, «edariak bistaz inoiz ez galtzeko aholkua ematen da beti». Agintariek, aldiz, urrats bat gehiago eman dute, eta estalkien estrategia orokortzen hasia da Euskal Herriko jai askotan.