"Elikagai Bilketa" antolatu du ZAPOREAKek Irunen, Lesbosen migrazio-egoera larriagotzen ari delako

Antxeta Irratia 2025ko eka. 18a, 14:49

Ekainaren 20an eta 21ean Elikagaien Bilketa kanpaina egingo du Zaporeak GKEak Irungo Anaka, Palmera Montero eta Mendibilgo BM supermerkatuetan. Makarroiak, arroza, olioa eta hegaluze kontserbak bilduko dituzte, hilabetero Lesboseko (Grezia) errefuxatu-kanpalekuetan kozinatu eta banatzen dituzten 60.000 otordu inguru bermatzeko premia dute. 

ZAPOREAK GKEa hilabeteak darama Greziako migrazio-egoera egunero larriagotzen ari dela ohartarazten. Asilo-eskatzaile asko ari dira iristen, eta dagoeneko milaka pertsona ari dira bizitzen plastikozko karpa eta bloke artean. Egoera ez da berria. Sei hilabeterako sortu zuten ekimena, bat-bateko behar humanitario bati erantzunez. Baina 2014tik Lesbos uhartean (Grezia) Moria kanpalekuan trabatuak dauden errefuxiatuei duintasuna, itxaropena eta janaria eramaten jarraitzen dute. Turkiarekiko duen gertutasunagatik, Lesbos uhartea Europarako sarbide nagusietako bat bilakatu da jatorrizko herrialdeetatik ihesi datozenentzat. Baina hura ere txiki geratu, eta Chios zein Atenaseko Patraseko sukaldean ere ari dira Zaporeakeko boluntarioak lanean. 

Hasiera batean, Siriako gerratik ihes egindako errefuxiatuak jaso zituzten han, eta gobernuak 20.000 pertsona baino gehiago pilatu zituen, berez, 3.000 lagunentzat diseinaturiko espazio batean, eta haien oinarrizko beharrak asetu gabe zirenez, kozinatutako janaria eraman du GKE honek urteotan guztiotan. Baina egoera jasanezina dela diote, gehienek hilabeteak edo urteak daramatzatelako baldintza oso txarretan bizirauten, eta horregatik, oraingoan, Zaporeaketik gehiago egin nahi izan dute, egin ohi dutena baino pixka bat gehiago.

Bilketa kanpaina Irunen

Heldu den ekainaren 20an eta 21ean Elikagaien Bilketa kanpaina egingo dute Irungo Anaka, Palmera Montero eta Mendibilgo BM supermerkatuetan. Izan ere, joan den maiatzean jada 3 kontainer bidali dituzte. Elikagaiez gain, 4 garbigailu eta 3 lehorgailu ere eraman dituzte. Hauek zuzenean joan dira kanpalekura, asiloa eskatzen duten pertsonek errazago garbitu dezaten arropa. 

Baina egunero 2.500 lagun inguru elikatzeko egin beharreko ahalegina itzela da. Kontainer hauetan ia 20.000 kg elikagai sartzen dira, eta Zaporeak egunero lanean jarraitzea ahalbidetzen du. Hartara, kontainerrak betetzen jarraitzeko asteburu honetan, makarroiak, arroza, olioa eta hegaluze kontserbak bilduko dituzte Irungo BM supermerkatuetan.

Irungo eta Hondarribiko boluntario anitz inplikatu ziren Zaporeak GKEan hastapenetik. Berez, bidasotarrak izan ziren proiektua abiatu zutenek. Horietariko bat da Miren Legorburu hondarribiarra. Eta bidasotarren elkartasuna goraipatzen badu ere, dioenez, «laguntza guztia gutxi da, hilabetean 60.000 otordu inguru banatzen ditugulako han, eta 100.000 euro inguruko aurrekontua behar da horretarako hilero» dio Legorburuk. Hau da, urtean gutxienez 1,2 milioi euro behar dituzte «giza eskubideak errespetatuz gero, Europako instituzioek estali beharko lituzketen errefuxiatuen oinarrizko behar horiek boluntarioen bitartez asetzeko», kexu da Legorburu.