Iazko bisitari kopuru hobetzeko helburuarekin ireki zituen ateak ekainaren 1ean Erlaitzeko Lapurriturriko informazio puntuak. 2006an Irungo Aiako Harria Natur Parkeko egurrezko etxola hau Behemendi elkartearen laguntzarekin zabaldu zutenetik, iazkoa izan zen bisitari kopuru aldetik apalenetakoa. Izan ere, COVID pandemiaz geroztik mendizaletasuna berpiztu bada ere, eta Udalak Irun Berdea turismo jasangarria bultzatzeko ahaleginak egin dituen arren, Lapurriturriko informazio puntuak ez ditu pandemia aurreko zifrak berreskuratu ahal izan.
2019an 1.625 bisitarirekin marka guztiak apurtu zituenetik Aiako Harria natur parkeari buruzko informazio eske hurbiltzen den bisitari kopurua apaldu egin da, eta 2024an 331 lagunek besterik ez zuten erabili. Aldiz, udan proposatzen dituzten natur parkearen ondare natural, historiko eta geologikoari buruzko jarduera tematikoetan plaza guztiak bete ohi dituzte.
Udako tailer eta jarduerak
Uda honetarako ere, hainbat tailer eta ateraldi antolatu dituzte. Uztailaren 12an, Irungo Udaleko Garapen Jasangarriko arloak sustatuta, 'Polinizatzaileen jolasa' izeneko jarduera prestatu du. Bertaratzen diren pertsona guztiek Lapurriturritik gertu dauden bideetan aurki daitezkeen izaki bizidunak ezagutzeko aukera izango dute, horien artean polinizatzaileen garrantzia nabarmenduz. Hitzordua 11:00etan hasiko da eta Lapurriturritik abiatuta oinez egingo dute. Udalak argitu duenez, jarduera herritar guztiei zuzenduta dago, baina bereziki 8 eta 12 urte bitarteko haurrak dituzten familientzat. Doakoa bada ere, aldez aurretik izena eman behar da 010 telefonora deituz edo www.irun.org webgunearen bidez. Ekainaren 26an zabalduko dute horretarako epea, eta uztailaren 7a izango da azken eguna.
Bestalde, abuztuaren 16an Aiako Harrian topa daitezkeen fosilei buruzko tailerra iragarri dute. Irailaren 13an, aldiz, "Zuhaitza, gure laguna" izenekoa, eta urriaren 11n onddo garaia dela aprobetxatuta, "Mikologia ezagutuz" tailerra. Jarduera hauek adituen eskutik egiten dira beti. Gainera, aurten, berrikuntza bezala, irailan edo urrian naturaren baliori buruzko jarduera bat egingo dutela aurreratu dute, Osinbiribileko padura gunean.
Irungo Udalak oroitarazi duenez, Lapurriturriko informazio puntua urriaren 31a arte zabalik egongo da asteburu, jaiegun eta zubi guztietan, 9:30etik 13:30era. Eta aipatutako jarduerak antolatzeaz gain, bisitariei parke naturalari buruzko informazioa ere ematen diete bertan. Eta norbere kaxa egin ditzakeen bost ibilbide tematikoak proposatzen dituzte; elurzuloak, meatzaritza, ikazkintza, gerrak, eta flora, faunari buruzkoak.