Oztopo guztien gainetik Irungo Euskal Jirak nekazal ondarea, euskal kultura eta usadio zaharrak erdigunean jarriko ditu berriz ere abuztuaren 8tik 10era. Baita azken urteetan antolatutako egitarau oparoenarekin «etorkizunera begira jarri» ere. Izan ere, azken urteetan arazo ekonomiko eta udalaren babes eskasaren ondorioz desagertzeko zorian egon da. 2023an eguraldi txarra egin zuen, eta txosnako diru iturririk gabe geratu zirenez zailtasun ekonomikoetan ibili da. Eta inguruko hainbat eragileren sostenguari esker egin zuten aurrera, besteak beste, Nabarteneak, Hiritar Foroak edota Maltzeta anaiek antolatutako erromeria bati esker, baita Txingudi Ikastolako guraso elkarteak, antolatutako AstoKKBingo solidario baten bidez laguntza ekonomikoari esker ere.
Aldaketa nabarmenak aurten
Irungo Udalaren babesa ezinbestekoa zutela ohartarazi zuen Euskal Jirako batzordeak, eta azkenik, iaz abuztuaren 2tik 4ra Irungo Udalaren laguntzarekin, programa hiru egunera zabaldu egin zuten, eta antolatzaile historikoak ziren Manueltxo Kerejeta eta Joxe Mari Gelbenzuren heriotza zela eta, hauek omendu zituzten. Aurtengoan, aldiz, 45. edizioa beteko du Euskal Jirak, eta iaz bezala, hiru eguneko programazioa errepikatzeaz gain, abuztuaren 8tik 10era ospatuko dute aldaketa nabarmenak eginez.
Iñaki Olazabalek, Euskal Jira elkarteko presidenteak azaldu duenez, «Euskal Jira batzordean hausnarketa sakona egin dugu, eta etorkizuna bermatzeko hobekuntzak egitea pentsatu dugu». Eta alde horretatik, bereziki bi dira aurtengo nobedadeak. «Batetik, abuztuaren 9ko gurdien desfilea goizez ospatuko dugu, eta hau bigarren berrikuntzari lotuta dago, aspaldi Uranzu pilotalekuan antolatzen zen herri bazkaria berreskuratuko baitugu, baina Santiagoko Euskal Jai frontoian». Antolatzaileek argitu dutenez, bazkarian 500 lagun biltzea espero dute, baina 200 txartel baizik ez dituzte salgai jarriko. «Gurdi, elkarte eta dantzarien artean 300 lagun inguru bilduko dira, eta haientzako lekua erreserbatuko dugu», adierazi du Olazabalek udaletxean egindako agerraldian. Eta iragarri duenez, aste honetan jarriko dituzte tiketak salgai haien sare sozialetan eta Euskal Jiraren web orrian.
Jon Indakoetxea, Euskal Jirako kideak eman du partaideen zerrenda luzearen berri. Horiek hala, larunbateko gurdien desfilea 11:00etan irtengo da Letxunborro hiribidetik, eta bertan Hendaiakoa, Euskal Kirolak, Santiago, Behobia, Landetxa, Kemen eta Meakako gurdiak izango dira, eta Euskal Herri osoko 9 dantza talde gonbidatu dituzte. Bidasoaldekoez gain, Nafarrak eta Ipar Euskal Herrikoak ere izango dira. Eta musikariei dagokienez, OarsoBidasoaldeko zein Baztangoek parte hartuko dute. Alboka, Oiasso txaranga, Auntxa trikitixa taldea, Txorimaloak soinu taldea, Trikitopa, Maltzeta anaiak eta, Elizondotik, Baztango akordeoiak ere izango dira jiran. Bazkalaurrekoan Urdanibia plazako taulagainean ariko dira, eta bazkalondoan, Kemen dantza taldearen erromeriak osatuko du egitaraua. Udalaren laguntzarekin, aldiz, Matraka eta DJ saioak izango dira berandu arte.
Haur eta helduentzako programa
Dena den, hiru egunetako egitarauari begiratuta, abuztuaren 8a txikienei bereziki begirakoa izango dela iragarri du Cristina Laborda alkateak. Boluntario eta elkarte guztien lana goraipatzearekin batera, «udalak tradizio hau mantentzeko eta sendotzeko duen konpromisoa» azpimarratu du alkateak, eta Euskal Jiraren programazioa indartzeko, ostiralean haurrentzako puzgarriak eta jolasak jarriko dituzte Urdanibia plazan. Bestalde, aurtengoan ere, Irungo Atsegiñaren erraldoiak, 'Kemen' Dantza Jira Erromeria, berbena edota igandeko Herri Kirolen Pentatloia gogoratu ditu Labordak.
Zentzu horretan, frankismoak debekatu zuen lau hamarkadetan izan ezik (eta pandemiaren ondorioz 2020 eta 2021ean), 1928tik ospatu dute irundarrek, bertako euskal kulturaren eta nekazal sena, baserritar mundua hirierdira ekarriaz. Eta tradizio honek luzaz iraun dezan Euskal Jira elkartea eta Irungo Udalaren arteko elkarlanerako prestutasuna adierazi dute agintariek.