Dies Oiassonis jaialdi erromatarraren XV. edizioa martxan da, eta historiaren dibulgazioa eta aisialdia uztartuz bisitariak erakartzeko Irungo kultur agendaren uztaileko hitzordu nagusia dela aintzat hartuta, Irungo Udalak jaialdiak duen inpaktu ekonomikoa zenbatekoa den neurtzeko azterlana egingo duela aditzera eman du. Zehazki, hiriko merkataritza, ostalaritza eta turismoari zenbateko ekarpena egiten dion argitu nahi dute.
Azken urteetan, antolatutako jardueretara hurbildu diren bisitariak zenbatu izan dituzte. 2023ko Dies Oiassonis jaialdian 3.000 bisitari inguru izan ziren bitartean, iaz marka guztiak birrindu zituen 5.485 bisitari erakarriz. Aurtengo edizioa berezia da, aldiz, apirilean ateak zabaldu zituztenetik terma erromatarrek protagonismo handia lortu baitute Oiasso Museoaren ohiko bisita kopuruak hirukoiztuz. Eta Dies Oiassonis-en XV. edizio honetan ere, gauetan antolatutako bisita gidatuetarako plaza erreserba guztiak agortu egin ziren jaialdia hasi aurretik.
Hartara, Irungo Udalak erromatarrek Irunen utzitako ondarea balioan jarri eta ospatzeko 50 ekitaldi baino gehiago antolatzeaz gain, Kultura arlotik egiten den ahalegin horren inpaktu ekonomikoa neurtu nahi du. Horretarako, Gabonetako kanpainan bezala, Dies Oiassonis jaialdia ebaluatzeko kontratu bat dauka ikertalde aholkularitza talde berezitu batekin. Argitu dutenez, jaialdiaren hiru ikuspegi kontuan hartuko dituzte, eta metodologia kontrastatu batekin burutuko dute azterketa, KPI, sortutako lanpostuak eta udaletik egindako inbertsioaren itzulkin publikoa ere neurtuko dituztelarik.
Horretarako, jaialdiaren helburuak, antolakuntza, jarduerak eta izan duen bilakaera batetik, azokak berak eragiten duen zuzeneko gastuen neurketa eta zeharka eragiten duen inpaktu ekonomikoa kalkulatzea bestetik. Eta azkenik, jaialdiaren inpaktu soziala ikertuko dute, parte hartzaileen gogobetetze maila eta esperientzia neurtuz. Ekitaldiak identitate kolektiboari eta hiriaren proiekzio turistikoari egiten dion ekarpena ere begiratuko dute.
Alde horretatik, jaialdiaren aurkezpenean Cristina Laborda alkateak gogoratu zuen, duela hiru hamarkada erromatar ondare historikoa balioan jartzeko lanean hasi zirenetik, aztarna arkeologikoak berreskuratu, museoa sortu eta etengabe dinamizatzeaz gain, FICAB zinemaldi arkeologikoak bezala, Dies Oiassonis jaialdiarekin ere, «Irungo iragana eta historiari lotuta, aisialdi zein turismo alorrean hiriaren proiekzioa egiteko aukera ematen duela jaialdiak». Iragarri dutenez, «Irungo motor ekonomiko eta kultural gisa» Dies Oiassonisen betekizuna sendotzeko erabiliko dute. Udara amaitu aurretik txostena bukatuta egongo dela esan dute, eta azterlanaren ondorioak hurrengo edizioetan hobekuntzak egiteko baliagarria izango dela.