Auzo Patruilen aurrean Irungo Udalaren «inakzioa» salatu du Harrera Sareak

Antxeta Irratia 2025ko uzt. 15a, 11:36

Elkartasun sareak salatu duenez, «segurtasuna bermatu beharrean patruila horiek beldurra sortzen dute, etxera itzultzen diren gazte arrazializatuengan susmagarri bezala interpelatuak izateko arriskuagatik, haien arrazarengatik jarraitzen dituztelako kaleetan». «Sare sozialetan zabaltzen eta elikatzen den eskuin muturraren beldurraren diskurtsoa kalera salto» egin duela dio Irungo Harrera Sareak, eta Irungo Udalaren inakzioa «kezkagarria» iruditzen zaio.

Murtziako Torre Pacheco herrian, eskuin muturreko taldeek antolatutako pertsona arrazializatuen ehiza basatiaren ondotik, atzo Errenterian atxilotu zuen Ertzaintzak, herri hartan biolentzia horren ustezko pizgarri izan zen adineko gizon bati jipoitu zuten hiru erasotzaileetako bat. 19 urteko mutila Errenterian harrapatu dute Irunera trena hartu nahian, dirudienez Frantziara ihes egiteko asmoz. 

Komunikabideen lerroburuetan dago egunotan, eskuin muturreko taldeek herri hartan auzokide migratzaileen kontra antolatutako ehiza dela eta. Ultraeskuineko taldeek migratzaileen presentziaren aurkako protestak egin dituzte, sare sozialetan zabaldu baitzen Magrebeko gazte batek 70 urteko gizon bati erasoa egin ziola. Indarkeria oldearen aurrean, Espainiako Barne Ministroak hitza hartu behar izan du azken orduetan, Marokoko herritar asko bizi diren auzo batean, magrebtarren kontrako ehiza antolatu baitzuten horren ondotik, baita hauek babestu nahian lanean ari ziren Guardia Zibilaren agenteei objektuak jaurti ere.

Polizia operatiboa indartu eta Udaltzaingoa batu zaio, segurtasuna bermatzeko eta istilu gehiago sortzea saihesteko. Arlo politikoan, Sumarrek ikerketa bat abiatzea eskatu du, argitu nahi baitu loturarik ote dagoen sare sozialetan zabaldutako mezuen, VOX alderdiaren eta Torre Pachecon izandako indarkeria-gertakarien artean. Arrazakeriak eztanda egin du Murtziako herri horretan, eta ultraeskuinak egoera baliatu nahi du, bere onerako.

'Auzo Patruilak' eta Irungo Udalaren «inakzioa»

Baina Murtziakoa ez da salbuespen edo kasu puntuala. Joan den apirilean Irunen magrebtarrak ehizatzeko deialdia zabaldu zen sare sozialetan, ondoren inolako ondoriorik gabe. Eta maiatzean Irungo auzoetan segurtasun faltaren aitzakiarekin herritarren patruilak sortu ziren. Irungo Harrera Sareak (IHS) fenomeno hau serioski hartu beharra dagoela ohartarazi du. Migranteen elkartasun sareko kideek diotenez, «sare sozialetan zabaltzen eta elikatzen diren gezurrak eta beldurrak kalera salto egin dute, eta Irungo Udalaren inakzioa deigarria eta kezkagarria iruditzen zaigu». Alde horretatik, Auzo Patruila hauek erabiltzen duten diskurtsoa ez da berria haien ustetan. «Eskuin muturreko ohiko diskurtsoa da, erakundeak gu abandonatu gaituzte eta delinkuentzia jasanezina da, eguzkia bezain zaharra da diskurtso hori», argitzen du Irungo Harrera Sareak. 

Irunen bezala, Euskal Herriko beste hainbat lekuetan ere agertzen ari da pixkanaka halako patruilak, eta IHSak argi du «ultraeskuinaren presentzia eta gorakadaren erakusle» direla. Gogoan hartu beharra dago, espainiar estatu osoan halako 50 bat Auzo Patruila antolatu dituztela azken hilabeteetan, ustezko segurtasun gabeziari erantzun nahian. Gurean ere, Bizkaian eta Gipuzkoako hainbat udalerritan. Eta ekainean Irungo Auzo Patruilen arazoari buruz ohartarazi zuen Antxeta Irratiak, Ertzaintza eta Irungo Udaltzaingoa eta udal agintariak interpelatuz. Baina agintariek ez dute hau baloratu nahi izan, ezta neurririk hartu behar denik kontenplatu ere orain artean. Bien bitartean, asteburuero 40 lagun inguruk Irungo kaleak patruilatzen dituzte gaueko ordu txikietan. 

Eta Irungo kaleetan dagoeneko eragina nabarmena izan da IHSko kideen arabera: «segurtasuna bermatu beharrean patruila horiek beldurra sortzen dute, beldurra etxera itzultzen diren gazte arrazializatuengan susmagarri bezala interpelatuak izateko arriskuagatik, beldurra batez ere jatorri arabiarra duten migratzaileentzat, haien arrazarengatik jarraitzen dituztelako kaleetan». Diotenez, une honetan musulmanak eta arabiar jatorriko pertsonak dira «talde hauen jomuga nagusia». Eta horregatik, Irungo Udalari benetako segurtasun ezari aurre egiteko neurriak errotik har ditzala eskatu dio Harrera Sareak. «Ez dugu ulertzen udalaren jarrera gai honen aurrean», diote.

Era berean, herritarrei dei egin diete «ez gaitzaten nahasi, populismo horrek ez du beste helbururik, indarkeria eta faxismoa ezkutatzea baino, ezagutzen dugu dinamika hau, eta badakigu nola amaitzen den».