Irungo kale-segurtasuna zaindu nahian sortu den 'Auzo Patruilak' ez ditu agintariak kezkatzen

Koldo Nausia 2025ko eka. 13a, 13:37

Irungo Udalak isilarena ematen duen bitartean, asteburuero hiriko kaleen segurtasuna zaintzeko aitzakiapean "Patrullas Vecinales" antolatu duten herritarren taldea ugaritzen doa. Ertzaintzak sare sozialetan ikusi dituztela aitortu du, baina Andoni Urdangarin Irungo ertzain-buruaren arabera, «txaleko batzuekin auzoetan paseatzea ez da delitu penala». GKSk eta talde antifaxistek, aldiz, Irunen aurten emandako pintaketa eta erasoen hari beretik, «olatu erreakzionarioak egiten duen beldurraren diskurtsoaren parte» direla salatu du.

 

Joan den maiatzaren 5ean sortutako "Lo vimos en Irun" whatsapp taldeak 700 partaide inguru bildu ditu bost astetan. Eta horietatik 30-40 lagun inguru biltzen ari dira asteburuero, ostirala eta larunbatean, gauerditik aurrera Irungo zenbait auzotan "Patrulla vecinal" gisa deitzen dituzten taldeak. Asteburu honetan laugarren deialdia egin dute, eta patruilak antolatzeko Zabaltza plazan elkartzen dira lehenago ostirala arratsaldetan. Sare sozialetan plazaratu duten adostutako protokoloaren arabera, «delitu baten aurrean, Ertzaintza edo Udaltzaingoa deitu behar da». Aldiz, azken asteetan hainbat lapurreta eta kale-borrokatan esku hartu dute.

Zuzenbide estatu batean gauden honetan, herritarrok Babes Eskubidea eta segurtasuna agintariengan delegatzen dugula kontuan hartuta, eta irundar talde batek printzipio honi uko egin eta kaleak gaueko ordu txikitan zaintzeko hautua egin dutela ikusita, Antxeta Irratiak Irungo Udal agintariei galdetu die zuzenean. Udalak ez du baloraziorik egin edo neurririk hartzea aztertu ote duen ere argitu nahi izan.

Aldiz, San Pedro eta San Martzial jaiak ate joka ditugun honetan, agintarien kontroletik at dagoen patruila hauen inguruan galdetu du berriz ere Antxeta Irratiak. Udaleko Segurtasun Batzordean parte hartzen duten Ertzaintza eta Udaltzaingoaren koordinaziopean antolatutako Jaietako Segurtasun Dispositiboaren aurkezpenean, udal agintariek ez dute azalpenik eman nahi izan. Baina Irungo ertzain-buruak, Andoni Urdangarinek argi utzi du, honen berri daukatela, eta antza denez, hurbiletik jarraitzen dutela. Aldiz, Ertzaintzak ez dio fenomeno honi garrantzirik eman nahi izan. «Sare sozialetan ikusi ditugu eta ailegatu zaigu, baina guk ez diogu halako garrantzirik ematen», erantzun du ertzain-buruak, azpimarratuz «txaleko batzuekin dihoaztelako kalean, eta Irungo hainbat auzo paseatuz ikusten dutela zer gertatzen ari den, ez da delitu penala, eta administratiboki ere ez du garrantzirik».

Are gehiago, patruila hauek poliziaren lagungarri izan daitezkeela uste du Andoni Urdangarinek. «Deitu dezatela, zeozer ikusten baldin badute, Irungo beste biztanle guztiek bezala larrialdi bat baldin badago 112 telefonora deitu dezatela, edo Ertzaintza eta Udaltzaingoa abisatu dezatela», dio ertzain-buruak, orain artean halako inolako abisurik jaso ez dutela argituz. Hala ere, patruila hauek legearen gainetik jarduteko arriskuaz galdetuta, «ikusiko dugu zer egiten duten, ez zaigu halakorik iritsi eta gertatuko balitz ikusiko dugu zer gertatzen den» erantzun du. Dena den, patruilak antolatzeko sare sozialak baliatu dituzten bezala, hauek ere edozer gertatuko balitz biralizatzeko aukera ematen duela gogoratu du ertzain-buruak.

Hala eta guztiz ere, oroitarazi beharra dago, Espainiako Barne Ministerioa oso argia dela Bilera Eskubideari dagozkion mugak zeintzuk diren zehazterakoan. Izan ere, asteburuero 30-40 herritarrek osatutako auzo brigada hauek kaleak haien kabuz eta aldebakarrez zaintzen dituzten bitartean, ministerioak dio "helburu jakin batekin biltzen den 20 pertsona baino gehiagokoa dela bilkura edo jendarte kontzertatu bat, baita aldi baterakoa dena ere". Ildo horretatik, legeak dio "manifestazio bat trantsito publikoan leku batetik bestera mugitzen den jendarte bilera bat dela. Eta halakoetan autoritateari aldez aurretik komunikatu beharra zaio".

Beldurraren doktrinaren ondorioak

Sare sozialetan ustez «neutrala eta apolitikoa» den mugimendu honen sorrerak, haien esanetan agintarien utzikeriaren ondorio da. Hargatik aldarrikatzen dute «solo el pueblo salva al pueblo». Zentzu horretan, Irungo Udalak aurten aitortu duen herritarrek duten «segurtasun ezaren pertzepziotik» haratago, sare sozialetan bolo-bolo dabilen kezka da irundarren artean. Askoren ahotan dabilena. Cristina Laborda Irungo alkateak hiriko delitu penalen joera apaltzen ari dela argitu zuen joan den apirilean, eta horretarako, 2024ko datuak jakinarazi zituen udalak, aurreko urtearekin alderatuta %2,61 delitu gutxiago jaso baitziren.

Martxoaren 31n Ertzaintzaren eta Irungo eta Hondarribiko Udaltzaingoaren arteko Segurtasun Batzordean egindako balantzearen arabera, askatasun sexualaren kontrako %17 eraso gutxiago eman ziren Irunen 2024an. Eta ebasketa eta lapurreta txikiek behera egin zuten bitartean, etxebizitza eta garajeetan %3tik gora eta saltokietan %32 apaldu egin ziren iaz. Droga-trafikoagatik, aldiz, 65 delitu erregistratu zituzten iaz, 2023an baino %75 gehiago. Haatik, urtebeteko estatistikak ez du joera edo tendentzia markatzen.

Alde horretatik, ezin estali daiteke delitu penalek Irunen %85 egin dutela gora 2020az geroztik. Irungo Udalak delinkuentzia-tasaren «beheranzko joera» nabarmendu badu ere, Espainiako Barne Ministerioaren datu ofizialen bilakaera historikoak bestelako ikuspuntu bat eskaintzen digu. 2013-2020 artean urtero batez bestean 2.517 delitu penal jasotzen ziren bitartean, 2021etik 2024ra ia bikoiztu egin ziren Irunen. Egia bada ere, 2023an emandako 4.748 arau-hauste penaletatik 4.624ra jaitsi zela 2024an.

Espainiako Barne Ministerioak 50.000 biztanle baino gehiagoko udalerrietan emandako delitu eta arau-hauste penalen jarraipena egiten du 2013az geroztik. Urte hartan, Irungo hirian 2.875 delitu penal erregistratu zituzten bitartean, 2020an (pandemiaren urtea) 2.527 delitu penalen ondotik, delinkuentzia kasuak supituki emendatu egin dira itxurazko arrazoi argirik gabe. 2021n 3.174 delitu penal eman ziren Irunen, 2022an 3.790 jazo ziren, eta 2023an 4.281 erregistratu zituen Barne Ministerioak, Irungo Segurtasun Batzordeak berak 4.748 aitortu baditu ere.

Baina delitu penalen datuok herritar askoren kezka justifikatu ala ez, «segurtasunaren aitzakiapean» kaleak hartu dituzten Auzo Patruila hauen atzean, eskuin muturraren estrategia oso baten presentzia salatu dute talde antifaxistek azken egunotan. 

Diskurtso erreakzionarioaren gorakada Irunen

Sanmartzialen atarian gauden honetan hausnartzeko beharra ikusi du Bidasoko Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS), eta hartara,"Gerraren eta faxismoaren aurka, Antolatu!" lelopean, hitzaldi-topaketa antolatu du ekainaren 20an, Peña kalean. 12:15ean faxismoa, autoritarismoa eta «bizi dugun olatu erreakzionarioari buruz eta aurrean dugun mehatxuari buruz» informatzeko. 

Patxi Muñoz, Bidasoko GKSko militanteak dioenez, «oso arriskutsua da auzo patruilen mugimendua, bizilagunak direla esanez, ustez neutral irudia ematen dute, baina talde hauen koordinazioan eskuin muturra eta VOX inguruko mugimenduak daudela jakin badakigu». Bere ustetan, «argi dago frustrazioari norabide erreakzionario bat eman nahi izan dioten goi burgesiak bultzatutako talde antolatuak daudela, sare sozialetan oso mezu matxista, homofobo eta transfobo esplizituak bideratzen dituztenak, iritzi sortzaileak direnak».

Arrazakeriaren kasuan, aldiz, kale segurtasunaren aitzakiapean «beldurraren doktrina» haien helburu politikoetarako aprobetxatzen dituztela dio Muñozek. Hain justu, agintarien aparteko kezkarik sorrarazi ez duten patruila hauen terminologia aztertu besterik ez da egin behar "gorroto delituaren" mugan dabiltzala ohartzeko. Talde horietako partaideek Irungo kaleetan topatzen dituzten magrebiar jatorriko pertsonak "alérgicos al jamon" edo "pelo brocoli" gisa aipatzen dituztela, eta haien kontra biolentzia erabiltzeko mezu esplizituak erabiltzen dituztela, "conozco un sitio en Aiako Harria donde iban a encontrar a Alá rapidito" bezalako mezuekin. Laguntza sozialak eskuratzen dituzten etorkinen aurkako diskurtsoak, migrazioaren kontrako politiken apologia eta integrazioaren aldeko politikak egiten dituzten agintarien kontrako mezuak ere ugariak dira, esteka bidez edonori zabalik dagoen sare sozial horretan.

GKSko militanteen ustez, «alde batetik daude agitazio gogor bat egiten duten kaleko talde neofaxistak, baina azal asko daude estrategia erreakzionario honetan, eta beldur irrazionala sustatzen dute, itxuraz neutralak diren bizilagunen izenean hitz eginez, baina benetan badakigu nortzuk dauden atzean».

Haatik, agintariek eskuin muturraren gorakadari buruz «ez ikusiarena» egiten dutela salatzen du GKSk. Eta talde antifaxistak haien burua antolatu beharra dutela pentsatzen dute. Izan ere, ikasturte honetan zehar Irunen emandako talde neonazi eta faxisten eraso eta pintaketa homofobo, transfobo eta arrazistak etengabeak izan diren bitartean, Irungo Udalak ez ditu hauek gaitzetsi. «Agintariengandik ez dugu ezer espero», dio GKSko militanteak, «isilarena emanez eskuin muturra zuritzen ari dira, eta diskurtso erreakzionarioari bide ematen diote ohartu gabe».

Europatik datorren olatu erreakzionarioa hemen dugula argi dute talde antifaxistek, eta Irunen bezala, Euskal Herriko beste zenbait udalerritan ere sortu diren 'Auzo Patruila' taldeen ibilbidea aztertu besterik ez da egin behar. Irungoaren kasuan, poliziak eta udal agintariek ez diote aparteko garrantzirik eman, esan bezala, baina norbere etxea defendatzeko ehiza baimena eskuratu eta su-arma bat edukitzeko deialdia egiteaz gain, kalera irteteko spry-pimienta (piperbeltz gel edo gasa) gailu homologatuak erosteko gomendioa luzatu dute, norbere burua defendatzeko beharra argudiatuta.